Adimen artifiziala erabiliz edozein emakume “biluzten” duen aplikazio lotsagarria
Teknologiaren erabilera okerra muturreraino eramanez, programatzaile batek sare neuronalak erabiltzen dituen aplikazioa sortu du emakumezkoen arropa kendu eta biluzik nola ikusiko liratekeen erakusten duena.
DeepNude da software honen izena eta ez da Black Mirror-eko fikzio bat. Zoritxarrez software honek jantzita dagoen emakumezkoen irudiak hartu eta berri bat sortzen du... biluzik. Hau da, arropa gorputz biluziengatik ordezkatzen du eta emakumezkoen irudiekin erabiltzeko pentsatua dago. Gizonezkoen irudiak erabiltzen badira, hauek ere bulba eta emakumezko bularrekin azaltzen dira biluzik daudela.
Dirudienez, aplikazio hau Windows-en dago doan deskargatzeko, baina premium bertsioak “irudi hobeak” eskaintzen ditu eta erresoluzio handiagoa 99 dolarrengatik. Orrialdean adierazten denez azken emaitza ez da erreala eta faltsuak direla apreziatu daiteke. Halere, arriskuak hor dirau, eta irudi errealekin nahastu daitezke sekulako mina eta sufrimendua eragin ditzaketelarik modu ez egokian erabili ez gero (horrelakoak modu egokian erabiltzerik ba al dagoen dudak ditudan arren).
“Alberto” bezala identifikatzen den sortzaileak esan duenez komiki zaharrez zuen oroitzapenetan oinarritu zela inspiratzeko azaldu du, non X izpiak erabili zitezkeen arroparen azpitik ikusteko: “Guztiok bezala txundituta geratu nintzen ideiarekin eta oroitzapen horrek nigan bizirik jarraitu du.”
Programatzaileak aitortu du pentsatu zuela egin zezakeen min potentzialean, baina azkenik erabaki zuela ez zela muga bat: “Nire buruari esan nion: teknologia guztion eskura dago. Beraz, norbaitek intentzio txarrak baldin baditu, DeepNude edukitzeak ez du askorik aldatu... nire software-aren bidez mina egiten ez badu asmatuko du beste moduren bat.” Eta lasai egingo du gauetan gainera!
Zorionez, azkenik, egun hauetan jaso dituen kritikengatik, Alberto delakoak proiektua bukatutzat ematea erabaki du (momentuz behintzat), esanez "aplikazioa gaizki erabiltzeko probabilitatea asko dauela." Ez dirudi ordea oso konbentzitua ordea, aurretik egin zituen deklarazioak ikusita...