Los moñas: “Jendeak ondo pasatzea nahi dugu"

Talde alaia da Los Moñas. Festazale eta parrandazale amorratuen espiritu dario Mungiako hirukoteari. Oraintsu, “Yamomopipi-papo” izeneko lehen diskoa kaleratu dute Oihuka disketxearekin. Ibon bateria-jotzaileak erantzun dizkigu galderak.


Nola sortu zen Los Moñas?
Aitor gitarrajotzailea eta biok XXL taldean aritu ginen. Talde hartan, 90eko hamarkadako hardcore melodikoa egiten genuen, eta maketa bat eta bi disko kaleratu genituen. XXL desegin zenean, Aitor eta biok jo barik egon ginen denbora batez. Orduan Mungiako Desfasion taldean aritutako Iban etorri zitzaigun, kanta batzuk zituela esanez, eta ea maketa bat egingo genuen galdezka.

Los Moñas-en musika oso arin eta itsaskorra da, egia esan, zerikusi gutxi du
hardcore melodikoarekin, ezta?
Ekoizpena suabeagoa da, baina hala ere, iruditzen zait nahasketa horretan dagoela gure kimika. Aitor eta bioi hardcorea gustatzen zaigu, eta Ibanek popa atsegin du. Hala ere, jendeak ahotsa ikusten du gauza guztien gainetik, horixe baita talde baten gauza garrantzitsuena. Los Moñas pop taldea ote den? Ez dut uste. Ramones bezalako taldeek, adibidez, ez dute oso musika gogorra egiten, eta melodiak asko lantzen dituzte.

Zuen kantak oso alaiak dira: festarako deia egiten al duzue?
 
Jendeak ondo pasatzea, eta taldeak festa giroa transmititzea nahi dugu: jendeak ikus dezala oholtza gainean katxondeo apur bat, taldea trajeaz jantzita… Dena den, gure kantetan dena ez da jaia: adibidez, “Cuentame” eta “Cansado de vivir” abestiak, oso ilunak dira.

Yamomopipi-papo” da diskoaren izenburua, eta baita zuen kanta itsaskorrenaren leloa ere. Zer da “Yamomopipi-papo” hori?
Hitz hori Ibanek asmatu zuen, igande batean entsegu lokalean, bezperako parrandaren besteondoaz zegoela. Txantxetan hasi ginen, hitz horrek kanta baterako leloa izan behar zuela esanez. “Yamomopipi-papo” horrek zer esan nahi duen? Egia esan, ezer ere ez, “Lalala!” edo “asereje” esatea bezala da. Hitz hori taldearen aberria edo irrintzia da. Erabat txantxetan sortu zen, eta azkenean, diskoaren izenburua ere hortik hartu dugu.