Los lunes al sol (Les lundis au soleil) ****
Langabetuen itxaropenik eza du ardatz Barrio gazi-gozoaren zuzendariak pelikula interesgarri honetan. Vigoko ontziolen birmoldaketa industrialak kalean utzi ditu makina bat langile. Horietariko askok mendia eta itsasoa abandonatu zituzten aspaldi ziurragoa zirudien etorkizun baten bila. Alferrik, ostera. Lanik gabe daude orain. Eta, okerrena dena,
esperantzarik gabe. Ricoren tabernan biltzen dira gehienak, solasean aritzeko. Apurtutako ilusioak berpizteko. Galdutako ametsak berreskuratzeko. Guztia galdu dute. Guztia, duintasuna salbu. Umore ukituz leuntzen du Leon de Aranoak drama hau. Javier Bardem eta Luis Tosarren interpretazioak nabarmentzeko modukoak dira. Drama sozial aparta da.