Lore itxurako espekulu baginala sortu dute, hainbat pazientek sentitu ohi duten mina eta beldurra arintzeko asmoz
Oraindik prototipoa bada ere, etorkizunerako aldaketa mesedegarria izango delakoan daude, osasun publikoan eta prebentzioan eragin baitezake.
Herbehereetako Delft unibertsitateko Tamara Hovealing ingeniariak ginekologoaren errebisioetan erabiltzen diren espekuluei bestelako diseinua ematea pentsatu zuen, hainbat pazienterentzat hain mingarria edo beldurgarria izan ez dadin. Diseinu industrialean ikasketak dituen Ariadna Izcararekin elkartu zen proiektua aurrera eramateko.
Espekuluak aspaldiko jatorria du eta ordutik ez du aldaketarik izan. Bertsioetako bat James Marion Simsek garatu zuen duela 180 urte, eta emakume gatibuekin egin omen zituen probak, haien baimenik izan gabe. Hasieratik bortxarekin lotutako aparatua da beraz.
Espekulua gailu metalikoa da, eta kirtena, mokoa eta torlojua ditu. Torlojuak baginan sartu ondoren irekitzea doitzeko balio du. Askorentzat deserosoa eta mingarria izaten da eta antsietatea ere eragin ohi du batzuengan. Pazientea beldurturik dagoenean, giharrak uzkurtu egiten dira eta espekulua irekitzean tenkatutako giharrei bultz egiten dienez, min handiagoa sentitzen da.
Hori dela eta, ikertzaileak ugaltze-organoekin zerikusia izan zezaketen formen bila aritu ziren, esaterako lorea, hori ere ireki egiten baita. Horren emaitza da Lilium, liliaren izen zientifikoa. Tanpoi itxura du, plastiko biguna eta aplikagailua baititu. Hori dela eta, ez da arrotza izango pazienteentzat.
Behin barrura sartuta, hiru petaloak zabaldu egiten dira. Kontsultara joaten direnentzat erosoagoa izan liteke eta esperientzia atseginagoa bilaka dezake aparatu berri honek. Medikuentzat ere baliagarria da, ordea, lorea bezala irekitzen denez, baginako paretak ixtea eragotzi eta hobeto ikusten laguntzen baitu.
Hasierako prozesuan dago oraindik Lilium, eta prototipoa hobetzeko ergonomia proba gehiago egitea eta material iraunkorrak topatzea falta da. Ondoren, segurtasun ziurtagiriak lortu beharko dituzte, gizakiengan probak egin eta komertzializatzeko baimena ziurtatu. Aurretik duten prozesua finantzatzeko kanpaina jarri zuten martxan eta egun gutxian 100.000 euro bildu zituzten.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, uteroko edo umetokiko minbizia da laugarren minbizirik ohikoena emakumeen artean eta espekulua erabiltzen da probetarako. Aparatu berriak pazienteak errebisio eta probetara behar den maiztasunez joatea eragin lezake, eta horrek bizitzak salba ditzake. Premiazkoa da, beraz, halako proiektuei merezi duten garrantzia eta finantzazioa ematea.