'Lokatza' podcastak Ondas Saria lortu du
"Egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko saiakera" egin du podcastak.
EITBPodkast plataformako Lokatza podcastak Ondas Saria irabazi du, Espainiako Estatuko hizkuntza koofizialetan egindako podcast onenaren atalean. Ondas Podcast lehiaketaren lehen edizioa izan da hau eta adituen ustez, "podcastak EITBren apustu sendoa eta irmoa erakusten du emakumeek beren hedabideetan narratiba libreak erabil ditzaten. Podcasta erabiliz perspektiba ikuspegia duten gaiak jorratzea ahalbidetzen dela erakusten da. Baliabide berriak erabiliz, halaber, hizkuntza aberasten da".
"Egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko saiakera" da Lokatza podcasta, "mundua lokatzetan jartzekoa". Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek sortu dute.
Zortzi atal daude guztira atarian eta atal horietan ahotsa, sormena, boterea, desioa, epika, etxea, bidaia eta gatazka landu dituzte. Ikuspegi feministatik egindako elkarrizketak, musika eta hausnarketak uztartu dituzte saio bakoitzean. Arantxa Urretabizkaia, Begoña del Teso, Uxue Iturrate Ningra, Ainize Madariaga eta Arantzazu Loidi elkarrizketatu dituzte, besteak beste.
Musika aukeraketa Maider eta Leire trikitilariena da, eta sintonia Mursego-rena, Lourdes Iriondoren Hala ere abestiaren moldaketa. Soinu edizioaz, berriz, Joxe Alkain arduratu da.
