Gizenfobiaren eztabaida berpiztu duen marrubi-soinekoa

Tess Holiday neurri handien modeloak Grammyetan jantzi zuenean gogor kritikatu zuten, baina aurtengo udan modan jarri da, neska argalen artean, noski.

"Soineko hau Grammyetan eraman nuenean okerren jantzitakoen zerrendan sartu ninduten, baina orain modelo argal batzuek TikTok-en jantzi dute, eta mundu guztiari gustatu zaio". Adierazpen horiek Tess Holiday neurri handien modeloak idatzi ditu bere Instagram kontuan, gizenfobia salatzeko. Hain zuzen, urtarrilean modeloak soineko berbera jantzi zuenean gogor kritikatu zuten, eta dirudienez, soinekoak ez zuen errua, bere fisikoak baizik: "Laburbiltzeko; gizarteak pertsona lodiak gorroto ditu, batez ere garaile agertzen direnean". 


Tess Holiday Grammy sarietan.


TikTok-en agertutako modeloetako bat.

Holidayren salaketak eztabaida piztu du sareetan; akaso arropak ez du axola eta modelo argalek jartzen badute nahikoa da birala bihurtzeko? Arropa bat polita ala itsusia da janzten duen pertsonaren arabera? Holidayren marrubidun soinekoarekin hala gertatu da; berak jantzi zuenean ehunka kritika jaso zituen bitartean, TikTok-eko modelo argalek janztean mundu guztiak maitatu du. Soineko ber-bera.