'Lodiak Harro' eguna ospatuko dute Gasteizen larunbatean
Lodifobiaren aurkako aldarrikapena egingo dute jai giroan.
Ezin Kabitu kolektiboak Jatunaldi lodiak, ezin kabitu! jardunaldia antolatu zuen irailean Gernikan eta 150 lagun elkartu ziren bertan, egunero bizitzen duten lodifobiaren inguruan hausnartzeko. Oraingoan, Lodiok Harro eguna ospatuko dute martxoaren 4an, larunbata, Gasteizen. Egun hori obesitatearen eguna izendatuta dago mundu mailan, eta horrekin apurtu nahi dutela jakinarazi dute, loditasuna aldarrikatuz: "Urteetako zapalkuntzari planto egiteko Lodiok Harro gaudela diogu".
Antolatzaileek argi adierazi dute ez direla egonean geratuko lodiek bizi duten zapalkuntzaren aurrean, eta gizartean dagoen aldaketarako premia nabarmendu dute: "Gimnasio eta dietetika zentroetan bakarrik onartzen gaituztenen aurrean, geldirik eta ixilik nahi gaituztenen aurrean harro eta ahobetez diogu: ez gara geldituko! Ez gara geldituko gero eta ahulago dagoen gure osasungintza sistema indartu eta eraldatu arte, Osakidetzak gure pisua epaitzetik at hartatu behar gaituelako. Ez gara geldituko kapazitismoaren neurrira diseinatu den arkitektura breaking ball batekin trixko egin arte, gu ezin bagara kabitu eraikina botako dugu. Ez gara geldituko edertasuna zer den gizonen desira sexualetatik kanpo ulertu arte, ederrak direlako mitxelinak, zimurrak eta estriak. Ez gara geldituko gure gorputzak biluztean, publikoan lasai jatean edo korrika egitean penaz edo gainetik jarriz begiratzen digun begia kutxilla batekin moztu arte. Hau da, ez gara geldituko, patriarkatu kapitalista eta kolonialaren konplize den lodifobiarekin bukatu arte. Nahiko kaka jan dugu jada, gehiago ez zaigu kabitzen".
Larunbateko aldarrikapen eta ospakizun eguna 13:00etan hasiko dute Bollerias plazatik abiatuko den kalejirarekin. Asanblada egingo dute 17:00etan, Emakumeen Etxean. Warras Bizarras taldearen musika emanaldia izango da 19:00etan, Matxete plazan. Jarraian, 19:30ean, ekintza egingo dute toki berean. Zortzietan poteoa egingo dute Kutxin zehar, eta Bad Sound Sister arituko dira gaueko hamarretatik aurrera, Hala Bedi tabernan.