'Lobos de Arga' filmarentzat Ikusleen Saria

Juan Martinez Morenoren filmak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean oso harrera ona izan du. 


Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astea berezia da. Berezia da bertan proiektatzen diren filmengatik. Baina are bereziagoa urtero fideltasunez Antzoki Zaharra etxetzat hartzen duten zaleengatik. Lagun artean ondo pasatzea beste helbururik gabe doazen zinezale horiengatik. Eta horrexegatik irabazi du Gorka Otxoa donostiarra protagonista duen Lobos de Arga filmak ikusleen saria, B serieko filmen ezaugarriak ezinhobeto uztartuz, antzokia barre algaraz eta plazerrez bete zuelako.

Tomas (Otxoa) hirian bizi den idazle gazte bat da. Lehen eleberria kaleratu ostean, jaioterrira bueltatzeko gonbita jasoko du, Argako pertsonaia ezagunena izanik, omenaldi bat egin nahi omen diotelako. Gonbitaren atzean istorio ilun bat ezkutatuko da ordea, Tomasen familia, maldizio bat eta otsogizonak protagonista dituen istorioa.

Aktoreen lana aipatzekoa da. Hasteko, Gorka Otxoaren kasua berezia da oso. Vaya Semanitako Sketchetan ikasitakoa sitcom telesailetan naturaltasun osoz erakutsi zuen. Baina telebistako komedia eta pantaila handikoa ez dira gauza bera, inondik inora. Hala ere, harrigarria da ikustea mutil xaloaren aurpegiera horrek zein ondo funtzionatzen duen egin dituen filmetan. Zigilu propioa daramate Otxoaren pertsonaia guztiek, baina era berean autonomoak dira, eta film honen kasuan, casting arduradunak bete-betean asmatu duela esango nuke.

Aldiz, Secun de la Rosaren kasua, oraingoz, bestelakoa da. Aida telesaileko pertsonaiaren itzala handiegia zaio. Bestalde, Carlos Arecesek sobera erakutsi du aurpegi triste bezain irrigarri horrek edozer egiteko lizentzia ematen diola. Eta amaitzeko, Luis Zaheraren guardia zibila azpimarratuko nuke. Maitagarri egin zaidala aitortzeak dena esaten du.

Baina hori ez da guztia. Elkarrizketa bihurriak ditu, egungo hizkera zinean oso urritan ikusten den bezala zainduz. Eta B seriearen odola zainetatik puri-purian doakio filmari. Ahaztu otsogizon digitalak. Burutik onetarainoko mozorroak, soka ikustezina gerritik lotuta eta sinesgaitz bezain barregarri diren otsogizon saltariak ikustea besterik ez dago generoa maitatzeko. Eta ezin aipatu gabe utzi komiki estiloan filmari sarrera ematen dioten marrazkiak, zoragarriak. Datorren urtarrilean izango dugu aretoetan. Bitartean, zeresana emango du, belarritik belarrira gomendatuko da.