Lo-kuluxka egin eta 1.200 euro irabazi
Hogeita hamar egunetan egunero egin beharko dute lo-kuluxka eta galdetegia erantzun beharko dute ikerketan parte hartzen dutenek.
Egunerokoan lanea joatea ez da samurra izaten batzuentzat, ordainpeko lana izatea askoren nahia dela jakinda ere. Gustuko dugun lanpostua izatea ez da hain erraza izaten, ordea. Batek baino gehiagok amestuko zuen bere zaletasuna ogibide bihurtzea, eta izango da ahalegin handiegirik egin gabe dirua irabazi nahi duenik ere. Bada, enpresa batek lo-kuluxka egiteagatik ordainduko die langileei eta hautagai bila dabiltza. Each Night enpresak loaren kalitatea nola hobetu aztertu nahi du eta, horretarako, bost lagun behar dituzte, haien lo-kuluxkak ebaluatu eta onurak zeintzuk diren ikertzeko.
Ikerketak iraungo duen hogeita hamar egunetan egin beharko dute lo-kuluxka eta 1.200 euro kobratuko dute. Lo egiteaz gain, prozesuan bizitakoen oharrak jaso beharko dituzte idatziz, beraz, beharrezkoa da idatzizko ingeles maila ona izatea. Loaldi bakoitzaren aurretik eta ondoren bideo-deia egin beharko dute enpresarekin; aurrez, haien azalpenak entzun eta egin beharrekoa ondo ulertu dutela ziurtatu beharko dute eta, ondoren, galdera-sorta erantzun beharko dute ahoz, euren esperientzia eta emaitzen berri emateko. Lo-kuluxkak bakarka egingo dituzte, distraziorik ez izateko.
Each Night enpresak zenbait esperimentu egingo ditu kontratatuko dituen langileekin eta hainbat kontu aztertu nahi dituzte: zenbateko iraupena izan behar duen lo-kuluskak onuragarria izateko eta nola eragiten duen nekean, memorian, motibazioan eta produktibitatean.
Hilabeteko ikerketa honetan parte hartu nahi dutenek eskaera-orria bete beharko dute ekainaren 30a baino lehen.