Lo hartu aurretik podcast bat entzutea ez da dirudiena bezain ideia ona

Musika entzutea ere ez da ideia ona, musika instrumentala bada ere ez.

Lanegun luze baten ondoren afaldu, hortzak garbitu eta ohera sartu zara lo konpontzaile baterako prest. Estresagatik apur bat artega zaude. Zure garuna oraindik martxa betean dabil eta lo egiteko zure asmoak zapuzten ditu, hain beharrezkoa duzun atsedena eragotziz. Horregatik podcast bat entzutea otu zaizu, erlaxatu eta lo hartzen lagun diezazun. Gainera askotan gomendatu dizuten zerbait da, funtzionatzen omen du. Bada zientziak aurkakoa dio: podcasta edo musika lo hartzerakoan entzuteak gure atsedena sabotatzen du. 

Nature aldizkarian argitaratu den ikerketa baten arabera podcastak entzuteak prozesamendu sentsorialarekin zerikusia duten garuneko guneak aktibatzen ditu, baita prozesamendu emozionalekoak eta oroimenekoak ere. Hau da, zure garuna deskonektatu beharrean aktibatu egiten da. Piztu egiten da entzuten duen hori hauteman, ulertu, erregistratu eta antolatzeko. Zure neuronak lanez gainez daude momentu horietan. 

Berdina gertatzen da musikarekin ere. Journal of Psychological Science aldizkarian argitaratutako beste ikerketa baten arabera ez da gomendagarria musika jartzea lo egiteko. Ikerketak 199 pertsona aztertu zituen eta behatu zuten euren atsedena kalitate eskasagokoa zela musika entzuten lo hartzen bazuten. Behin eta berriz errepikatzen diren melodiek garuna esna mantentzen dute benetako atsedeneko orduak murriztuz. 

"Bada orduan letrarik gabeko musika jarriko dut". Hori ere ez da irtenbidea. Ikerketa berdinaren arabera musika instrumentala entzun zutenek emaitza kaskarragoak lortu zituzten loaren kalitatean. 

Beraz, zer egin buruari buelta gehiegi eman gabe lo hartu nahi baduzu? Ohera joan baino lehenago garuna estimula lezakeen guztia alboratzea da gakoa. Adituen arabera gomendagarriena ezer ez entzutea litzateke garuna eta gorputza modu naturalean erlaxatu daitezen. Bai, bai, dirudiena bezain sinplea da irtenbidea. Beste guztiak asmakizunak dira, lo egiten uzten ez dizuten ipuinak.