Lizarra Kanpinak IV. Udako Ilunabar Akustikoak antolatu ditu

Hamahiru kontzertu egingo dituzte, uztailean eta abuztuan, kanpineko igerilekuan.

Lizarra Kanpinak 2020an ekin zion Udako Ilunabar Akustikoak antolatzeari, kanpineko bezeroei zerbait berezia eskaini eta musikariei plaza berri batean jotzeko aukera emateko asmoz. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, beraz, eta bihartik abuztuaren 26ra bitarte hamahiru kultur ekitaldi izango dira kanpineko igerilekuko belardian. Musika emanaldiak izango dira, baina bakarrizketa bat ere egingo da. 

Bihar, uztailak 8, Lane FM bikotea arituko da, eta pianoaren eta ahotsaren laguntzaz gaztelaniazko eta ingelesezko abesti famatuen bertsioak eskainiko dituzte. Uztailaren 15ean, berriz, kontzertu bikoitza izango da. Alde batetik, Iratxe Andueza lizarratar gazteak bere abesti propioak eta bertsioak kantatuko ditu pianoan. Beste aldetik, Arrasateko Garazi eta Sala bikoteak, gitarrak soinean, euskal abestiak eta nazioarteko hit-en moldaketak joko dituzte. 

Trikidantz taldea izango da kanpinean uztailaren 23an, Azken dantzarik ez biraren barruan. Arratsaldeko eta gaueko saioa egingo dute kanpineko jendea dantzan, saltoka eta kantuan jartzeko. 

Uztailaren amaieran bi hitzordu izango dira. Iñigo Asensio buru duen Postal Kolekzionistak taldea formatu akustikoan arituko da uztailaren 28an. Hurrengo egunean, berriz, Irtera taldeak joko du eta pop-rock doinuz jantziko dute kanpina. 

Biren bikoteak, Ane eta Nora ahizpek, eurek sortutako kantuak eta bertsioak eskainiko dituzte abuztuaren 4an. Bi Zaldi talde donostiarra arituko da hilaren 11n. Gitarra, saxofoia eta ahotsarekin, kantu propio eta bertsioak uztartuko dituzte.

Abuztuko hirugarren ostiralean, 18an, urteroko ohiturari jarraituz, Howdy Bluegrass taldea arituko da. 2020an argitaratutako lehen diskoko ingelesezko kantak hartu eta euskaraz argitaratu berri dituzte.

Abuztuak 25ean The Soulanders  taldeak soul, blues eta pop-rock doinuekin jantziko du kanpineko igerilekua. Hurrengo egunean emango diote amaiera zikloari. Ion Martinez Esnaola Txiki-k 40 urte eta aldapan behera niek bakarrizketa egingo du, eta, jarraian, Julen eibartarrak Bihotzera Giltza bere lehen EPa aurkeztuko du.