Literatura eta zinema izango ditu ardatz Donostiako Literaktumek
Mahai-inguruak, solasaldiak, erakusketak, eta errezitaldiak antolatu dituzte, besteak beste.
Literaktum letren jaialdia azaroaren 14tik 27ra izango da eta literaturaz gain, zinema izango du bidelagun aurtengoan, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren aitzakian. "Literaturak hitza du osagai nagusi, zinemak, berriz, irudia, baina biek partekatzen dute helburu bera: lengoaiaz haratago, emozio eta sentimenduak sentiaraziko dizkiguten istorioak kontatzea", azaldu dute antolatzaileek.
Film bilakatu diren eleberriek beteko dute aurtengo programazioaren zati garrantzitsua. Literaturatik zinemarako eraldaketan horretan, bi sorkuntza horien konparazioen zuzentasunaz hitz egingo dute: "Ba al dago zer konparatu? Edo idazle batek dioen moduan, traizioa al da film bihurtzean eleberri bati gerta dakiokeen hoberena? Zer irabaz edo gal dezake eleberri batek film bilakatzean? Eta idazleak? Denek irakurtzen al dugu eleberri berbera? Beti al da hobea nobela? Ba al dira filmean pentsatuz idazten duten sortzaileak?".
Idazle, gidoilari eta zinema zuzendariak arituko dira gai honen inguruan solasean, tartean Eduardo Mendoza, Lorenzo Silva, Miren Gorrotxategi, Jon Arretxe, Abdellah Taia, Gabriela Ybarra, Ángeles González-Sinde, Jesús Carrasco eta Virginia Feito.
Bestetik, beren lan berriez arituko dira Iban Zaldua, Héctor Abad, Isaac Rosa, eta María Oruña. Pio Barojaren jaiotzaren ehun eta berrogeita hamargarren urteurrenaren harira, erakusketa bat izango da eta baita Soledad Puértolas eta Luis Antonio de Villenaren arteko solasaldia ere. Juan San Martin sortu zela ere ehun urte bete dira ekainean eta Oier San Martin semea arituko da aitaren lanaz.
Bestelako ekintzen artean izango dira antzerkia, bertso saio literarioa, errezitaldi musikatua, Zinemaldiaren Donostia Sarien inguruan Katixa Agirrek idatzitako lana, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, poesia irakurketa musikatua, mahai-inguruak eta James Joyceren Ulisesengan inspiratutako afaria. Egitarau osoa webgunean kontsulta daiteke.
