Literatura eta bideojokoak gustuko badituzu, hau joko aproposa izan daiteke zuretzat!
New Yorken girotutako Federico Garcia Lorca idazlearen inguruko bideojokoa sortu dute.
Yellow Jacket estudioak Federico Garcia Lorca zenaren inguruko bideojokoa garatu du: Aurora [Dawn Poet]. Idazle granadarraren Poeta en Nueva York (Poeta New Yorken) liburuaren bueltan sortu dute jokoa, 1929ko New Yorken kokatua.
Jokoaren garatzaileek azaldu dutenez, Lorcaren unibertsoan haustura unea delako aukeratu dute obra hau. Ordura arte Romancero gitano eta antzerki klasikoko testuak idatzi zituen eta lan honekin poesia surrealistara jo zuen.
Jokoak hamar maila ditu eta maila bakoitzak liburuko poema batekin zerikusia du. Gainera, testu bakoitzaren unibertsoa irudikatu dute bideojokoan. Esate baterako, poema batean burokraziaren gizatasun falta azpimarratzen du idazleak, eta bideojokoan aitak Granadatik bidali dion dirua lortzeko labirintuan bueltaka ibiliko da Lorca.
Era berean, zubiak zeharkatzeko beldurra aipatzen du sinbolikoki poetak liburuan, eta jokoan Brooklyngo zubia zeharkatuz gainditu beharko du izua. Jokalariek idazmakinako hogeita zazpi teklak berreskuratzen ere lagundu beharko diote granadarrari.
Poetak egindako bidaia baino, "gazteak bere burua topatu eta maitatzeko New Yorkera egindako bidaia" islatzen dela azaldu dute. Hala galdetzen dute bideojokoaren sinopsian: "Gai izango al zara Federico bere sentimenduen labirintoan gidatu eta Espainiara onik bueltatzeko?".
Bideojokoa gaztelaniaz eta ingelez sortu dute. Yellow Jackets estudioko Jesus Torres zuzendariak adierazi du ez dakiela bideojokoak Lorca gehiago irakur dadin lortuko ote duen, baina ezagutzen ez dutenek beraren berri izango dutela behintzat: "Ez dugu irakurketa ordezkatu nahi, baizik eta jokalariei bere unibertsoa gerturatu eta Lorcaren poesia ezagutzeko gogoa piztu".