Literaktum letren jaialdia Donostian
Memoria izango da aurtengo edizioko gaia eta hainbat euskal idazlek hartuko dute parte, besteak beste, Irati Jimenez, Kirmen Uribe, Aurelia Arkotxa, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi eta Eider Rodriguezek.
Literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzea da Donostiako Literaktum letren jaialdiaren helburua, eta aurtengoan azaroaren 8tik 21era arituko dira jardun horretan. Hitzaldiak, solasaldiak, eztabaidak, ikastaroak, erakusketak, antzerkia eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte eta aurtengo gaia memoria izango da: idazleek memoria zein modutan erabiltzen duten, zenbateko pisua duen memoriak beren sorkuntza prozesuan, edo istorio berriak sortzeko zenbateraino aldentzen diren bizi eta sentitu izandakoaz...
Gai horren bueltan hausnartzeko nazioarteko hainbat idazle bilduko dira jaialdian, hala nola hainbatetan Nobel Sarirako hautagaia izan den David Grossman israeldarra, Leila Slimani frantziar-marokoarra, Marta Barone eta Paolo Giordano italiar idazle gazteak, eta Isabela Figueiredo portugaldarra. Memoriaren gaia lantzen duen Luis Landerok eta familiaren memoria jaso duen Borja Ortiz de Gondrak ere parte hartuko dute. Horiez gain, Jordi Amat, Maria Dueñas, Edurne Portela, Javier Cercas, Maria Belmonte eta Manuel Jabois ere hurbilduko dira Literaktumera.
Idazle euskaldunak ere izango dira jaialdian eta, esaterako, ateratzear dauden sorkuntzen inguruan solastuko dira Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe. Bestetik, duela 100 urte sortu zen Martin Ugalde gogoratuko dute Anjel Lertxundiren eskutik. Aurelia Arkotxak eta Jean Desy idazle quebectarrak, berriz, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna izango dute hizpide.
Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna plazaratuko du Irati Jimenezek, Begiak zabalduko zaizkizue bere lanean oinarritutakoa. Luis Buñuelen film baten gaineko Harkaitz Canoren azken lanak ere izango du tokia jaialdian.
Biografia eta karigrafia ikastaroak, irrati tailerrak, erakusketak eta Lauki Makala instalazioak ere osatuko dute egitaraua. Programazio osoa jaialdiaren webgunean dago ikusgai.
Literaktum Txikia
Urtez urte hazten ari den Literaktum Txikiak ere programazioa zabala izango du gaurtik hasita: Harry Potterri buruzko ilustrazio lehiaketa, antzerkiak, ipuin kontalariak, festa, tailerrak... Gonbidatu berri bat ere izango dute: Xagutxo Gaztaberria, txikienei udal liburutegiak aurkeztuko dizkien pertsonaia. Eider Eibar ilustratzaileak margotutako pertsonaiak haurren udal liburutegiak aurkeztuko dizkie txikieneei, Xabier Olasok idatzitako istoriotxo baten bitartez.