LISABÖ bueltan!

Abenduaren lehen egunarekin bat eginez, 'Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen' diskoa aurkeztuko dute 7 urteren ondoren.

Zazpi urteko isilunearen ondoren, berri pozgarria zabaldu dute Bidehutsekoek; bihar, abenduaren 1a, Lisabök bere Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen disko berria aurkeztuko du.

Ia hamarkada igaro da taldearen azken lana kaleratu zenetik eta denborak aldaketak ekarri ditu beste behin formaziora. Ivan Zabalegik eta Joseba Poncek taldea utzi zuten eta diskoa grabatzeko Aida Torres aritu da baterian, ohikoa denez Maite Arroitajauregi Mursegok txeloa jo du. Oraindik zehazteke dauden aurkezpen kontzertuetarako aldiz, Karlos, Javi, Xabi eta Enekori Borja Toval (Sacco) eta Sergio Gonzalez (Izaera, Sorkun…) gehituko zaizkie taldera.

Diskoa CD eta LP euskarrietan abenduaren 5etik 9ra Durangoko Azokan egongo da salgai. Abenduaren 1ean aldiz, eguerdiko 12etan, osorik entzun ahal izango da rockdelux.com atarian.