"Light", "Txikitero", "Batukada", "Spam" eta "Ibuprofeno" txertatu ditu Euskaltzaindiak sareko hiztegian
329 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan eta 306 forma moldatu.
Euskaltzaindiak urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak eta, ondorioz, azken sei hilabeteotan jasotako 329 forma berriak, moldaketak zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. 329 forma horietatik 211 sarrerak izan dira eta 118 azpisarrerak, eta, horretaz gain, 306 forma moldatu edo findu ditu: 261 sarrera eta 45 azpisarrera.
Azken sei hilabeteotan gehitutako hitzen artean daude honako hauek: apuratu, narko, hormatzar, efektibo, dietista, kafetxo, txikitero, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, joskintza, partzela, tik-tak, pisukide, ibuprofeno, doktrinamendu, podcast, spam, batukada...
Azpisarreretan ere badira berrikuntzak: arrisku(-)egoera, haur(-)eskola, orri(-)bazter, setio(-)egoera, sexu(-)abusu; sexu(-)eraso, hil ala biziko, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, off-eko ahots, berri(-)agentzia, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi, esklusiban, foru(-)zuzenbide...
Hemen kontsulta daiteke eguneratutako zerrenda osoa. 2021ean, guztira 2.202 forma landu dira: 1.281 moldatu eta 921 forma berri jaso (638 sarrera eta 283 azpisarrera).Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.596 forma ditu guztira (40.002 sarrera eta 9.594 azpisarrera) eta 68.695 adiera (horietatik 2.420 azpiadierak dira).
Orotariko Euskal Hiztegian ere eguneraketak
Orotariko Euskal Hiztegian ere egin ditu aldaketak Euskaltzaindiak. 14. 600 adibide egituratu dira, kontsultak egiteko aukera zabalduz, eta 80 sarrera eta 103 azpisarrera berri gehitu dira. Era berean, zenbait liburutako adibideak aukeratu eta txertatu dituzte.
Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Sarean bertan egin daitezke kontsultak eta egituratze lanetan jarraitzen du Euskaltzaindiak.