Lierni Azkargorta idazleak pandemiak poesian izandako eraginaz solas egingo du Iruñean
Osasungintza eta poesia lotzen dituen 'Eripoemia' lanaren egilea da Azkargorta.
Poesiaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi egiten ari dira Iruñean, eta bihar beste hitzordu bat izango da Kondestable Civivoxean, 19:00etan. Lierni Azkargorta poetarekin topaketa egingo dute, eta pandemiak poesian izandako eraginaz arituko da, Ines Castiella aurkezlea ondoan duela. Hainbat galderaren inguruan arituko da Azkargorta: "Nabaritzen al da bizi izan dugun pandemiaren eragina azken bi urte hauetan egindako poesian? Orokorrean, gatazka giroan bizi diren edo izan diren poeten lanetan ere nabaritu al da?".
Azkargortak Iruña Hiria Saria irabazi zuen iaz, euskarazko modalitatean, Eripoemia lanarekin. Osasungintza eta poesia uztartzen dituen liburua da. Epaimahaiak honakoa adierazi zuen Azkargortaren lanaren inguruan: "Aipamen berezia merezi du egileak zein dotoretasunez lortzen duen termino medikoak lirikaren eremura eramatea, berez neutroak eta aseptikoak direnak, eta poesian ezohikoak diren eszenak trebetasun handiz lortzea. Nabarmentzekoa da, halaber, hizkuntza oso ongi menderatzen duela".
Lierni Azkargorta Ruiz de Egino (Lazkao, 1979) Erizaintzan eta Fisioterapian lizentziatua eta erizaina da ogibidez, eta idaztea du zaletasun. Literatura alorrean, hainbat sari jaso izan ditu: 1999. urtean Laudioko Udala IX. Ipuin lehiaketan hirugarren saria, eta XVIII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan lehenengo saria. 1998an, 2001ean eta 2002ean Eibarko Hiria Gazteen Ipuin Lehiaketan sariak, Lizarrako Emakumeen Asanbladak antolatzen duen Maria de Maeztu Literatur Saria lau aldiz jaso du eta, 2020an Lasarte-Oriako XXXIV. Literatura Lehiaketan poesia saria eman zioten.
