Liburuaren jaia egingo dute aste honetan Iruñean
'Ipuingarria izango da' jaialdiaren baitan, haur eta gazte literaturaren unibertsoa sortuko dute egunotan Alde Zaharrean.
Karrikirik, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, Ipuingarria izango da! jaialdia antolatu du azaroaren 4tik 7ra, Kondestablean eta autobus geltoki zaharrean. Liburuaren jaia izango da eta ipuinak "ahoz aho eta belarriz belarri" mugitu nahi dituztela adierazi dute. Euren asmoa Alde Zaharrean "haur eta gazte literaturarentzako unibertso txiki bat" sortzea da.
Ilustrazio tailerrak, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak, ipuin liburuen azoka, aholkularitza eta beste hainbat sorpresa izango dira ostegunetik igandera bitartean. Literaturaz gozatzeko parada ederra izango dute, beraz, gerturatzen direnek.
Ipuinekin amesten dutenak, ipuinekin bizi direnak, jakin-mina dutenak eta gainerako guztiak gonbidatu nahi dituzte bertan parte hartzera. Izan ere, liburuak bidaiak direla nabarmendu dute, mundua eta jendea ulertzeko formulak, eta partekatzen direnean "esperientzia kolektibo berdingabea" sortzen dela.
