Liburua irakurri beharrean, Adimen Artifizialari laburpena egiteko eskatzea gero eta ohikoagoa da ikasleen artean
Testuen laburpenak, eskemak, zein bideoak egin ditzakete adimen artifizialaren bidez.
Liburuak irakurtzea saihestu eta bestelako bideak topatzea ez da oraingo kontua. Lehen ere liburuen laburpenak eta informazioa zuten webguneetara jotzen zuten zenbait ikaslek, haren inguruko lan bat edo azterketa bat egin behar zutenean.
Orain adimen artifizialak hartu du webgune horien lekukoa. Ikasle askok AA erabiltzen dute ikasketetan, bai ikasgaietako testuekin, eta baita liburuekin ere.
Gaur egun CHAT GPTaz gain, beste hainbat tresna ere badira: X Mind, Gamma eta Leonardo esaterako. Liburuaren pdf-a sartu eta laburpena egitea eska diezaiokegu aplikazio hauei, liburuaren edukien inguruko kontzeptu-mapak egitea, edota aurkezpenak zein kontzeptu nagusietan oinarritutako irudiak edo bideoak sortzea.
Galdera zehatzak egin daitezke erantzun azkarrak jasotzeko, baina, noski azalekoagoa ere izan daiteke. Ondo ulertzen ez den parrafo bat azaltzeko eska diezaiokezu adimen artifizialari, definizio edo eskema sinpleagoak, norberak nahi duen moduan xehatuta. Eraginkortasuna eta azkartasuna bilatzen dute askok.
Teknologiaren erabileraren inguruko zalantzak sortzen ditu honek ere. Tresna baliagarria izanagatik, halako lanak adimen artifizialaren esku uzteak gure gaitasunetan eragina duela uste da. Izan ere, irakurmenaren ulermena eta idazmen gaitasuna, eta testuak aztertzeko arrazoimena eta hausnarketarako abilezia oztopa lezake. Horretaz gain, irakurketak gure hiztegia aberasten du.
Beraz, kezka bada guztia adimen artifizialaren esku utziz gero zer gertatuko ote den gure garunetan eta gaitasunetan. Adimen artifizialaren erabileraren eta gure gaitasunen garapenaren arteko oreka topatu beharko da gure onerako.