Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza lantegia Iruñean

Urtarrilean izango da astebeteko formazio saioa eta azaroaren 26a baino lehen eman behar da izena, aukeraketa egin dezaten.

Galtzagorri elkarteak Biko-Teka tailerra egingo du seigarren urtez, Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin. Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza lantegia izango da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean arituko diren astebetez. Urtarrilaren 24tik 28ra izango da Iruñeko Kondestable jauregian, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta ostiralean goizeko ordutegian bakarrik. 

Banaka edo bikoteka  parte har daiteke. Bakarka aurkezten diren ilustratzaileek proiektu berekoak diren hiru ilustrazio aurkeztu beharko dituzte eta idazleek testu labur bat. Bikoteek, aldiz, proiektuaren zirriborroa egin beharko dute. Izena ematen duten sortzaileen artean zortzi ilustratzaile eta zortzi idazle aukeratuko dituzte, eta bakarka izena eman dutenen arteko bikoteak osatzen ahaleginduko dira. Hautatutako guztiek formazioa jasotzeko beka bana eskuratuko dute. Iñigo Astiz idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea izango dituzte bidelagun formazio saioetan, eta bi editore ere gonbidatuko dituztela jakinarazi dute: Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorea eta Inazio Mujika Ereingo editorea. 

Izena emateko administrazioa@galtzagorri.eus helbide elektronikora idatzi behar da azaroaren 26a baino lehen. Aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa hemen aurki daiteke.