Liburu azoka eta hainbat jarduera izango dira igandean Donostian
Hamabi postu jarriko dituzte Gipuzkoa plazan eta Eider Rodriguezekin solasaldia, ibilbide literarioa eta haurrentzako ekintzak izango dira, besteak beste.
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da apirilaren 23an, igandean, eta Euskal Herriko txoko askotan antolatu dira azoka edo bestelako ekitaldiak. Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak azoka egingo dute Gipuzkoa plazan.
Azoka goizeko 9:15etik gaueko 20:00ak arte egongo da zabalik, Gipuzkoa Plazan, Foru Aldundiko arkupeetan. Liburu-denden hamabi stand izango dira eta ehuneko hamarreko deskontua egingo dute liburuetan. Gainera, liburuak erosteagatik txartelak banatuko dira eta horiekin opari-liburuak eta ehuneko bosteko deskontu txartelak lortu ahalko dira. Egile batzuk euren liburuak sinatzen ere arituko dira.
Informazio gune bat ere izango da azokan eguneko egitarauaren eta liburutegien zerbitzuen berri jasotzeko. Bertan orri-markatzaileak ere izango dira, Sandra Garayoa ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta egin duen diseinuarekin.
Eider Rodriguez idazlea ere gonbidatu dute azokara eta Oier Aranzabalek elkarrizketa egingo dio eguerdiko hamabietan. Hainbat gairen inguruan arituko dira eta tartean Eraikuntzarako materiala liburuaz.
Ernest Lluch Kultur Etxean garatzen ari den Hi! Idazle programak, idazten hasi diren idazle donostiarren programak, tokia izango du azokan. Javier Klaverrek Balada triste de Amara Park liburua aurkeztuko du, 13:00etan.
Arratsaldean, 16:30ean, Euskal Itzultzaileen Elkartearen (EIZIE) eskutik, orain dela 100 urte hil zen Katherine Mansfield eta berak idatzitako Lorategiko festa gogoratuko dute. Errelato horien itzultzailea, Anton Garikano, bertan egongo da.
Bertso-saio literarioa izango da, 19:00etan, Nerea Ibarzabal eta Oihana Arana bertsolariekin, Amaia Agirre gai-jartzaile dela.
Ibilbide literarioa
Goizeko hamar eta erdietan, Donostia, cafeterías y tabernas: un viaje literario en el tiempo ibilbide literarioa egingo dute. Amaia Garcíak eta Slawka Grabowskak liburuetan agertzen diren edo idazleak maiz joan izan diren hiriko kafe eta tabernetara eramango dituzte parte-hartzaileak. Dramatizazioa María Alonso del Valenak egingo du. Bertan parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz.
Haurrentzako jarduerak
Goizeko 10:00etatik aurrera, Donostia Kulturako Youtube kanalean Ilargiaren soinekoa ipuina kaleratuko da, Lur Kortak kontatua. Ordubete geroago, Pantzart Taldeak Boli boli kalean saioa eskainiko du, 2-6 urte bitartekoentzat, paperezko txotxongilo, kanta eta poemekin. Haur handiagoek (6-12), arratsaldean izango dute Hitz eta Pitz jarduera. Asier Burguete, Joanes Etxebeste eta Lorea Intxaustik liburuen inguruko jolasak egingo dituzte haurrekin. Parte hartzeko izena eman behar da webgunearen bidez. Gainera, 2022.urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei saria emango diete. Saritu bakoitzari 30 euroko txartel-bono bana emango zaio, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.