Liburu Azoka egingo dute larunbatean Donostian
Deskontudun liburuak erosteko aukeraz gain, hainbat ekintza ere izango dira egunean zehar.
Donostia Kulturak eta Liburu-Denden Elkarteak Liburu Azoka antolatu dute larunbaterako Gipuzkoa plazan, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Liburu-denden hamaika postu izango dira bertan eta goizeko bederatzi eta erdietatik gaueko bederatziak arte egongo da zabalik.
Liburuek ehuneko hamarreko deskontua izango dute eta txartelak ere banatuko dira liburuak erosteagatik. Txartel horien bidez opari-liburuak (300 ale) eta %5eko deskontu-txartelak eskura daitezke. Azokako stand-etan egindako bost euroko erosketa bakoitzeko, txartel bat jasoko da. Txartela liburu batekin saritua izanez gero, Donostia Kulturako karpara joan beharko da une horretan eta bertan banatuko dira sariak. Saria %5eko deskontua bada, parte hartzen duten liburu-dendetan gastatzeko epea maiatzaren 31n amaituko da.
Salmahaiez gain, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gunea izango du azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango du, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Bestetik, bi orri-markatzaileren aleak egongo dira eskuragarri: batetik, Javier de Isusi ilustratzaileak Liburuaren Egunaren harira egindako diseinua, eta, bestetik, Iñaki Martiarena Mattin-ek sortutakoa, Pio Barojaren jaiotzaren 150.urteurrena dela eta.
Hainbat ekintza ere izango dira egunean zehar. Goizean, Alizia herrialde miresgarriko pertsonaien kalejira koloretsua izango da, baita istorio horretan oinarritutako bideoa ere, Asier Burguete, Joanes Etxebeste eta Lorea Intxaustiren parte hartzearekin. Bideoa bertan edo Donostia Kulturaren Youtube kanalean ikusi ahalko da. Eguerdian, 12:30ean, umorezko bakarrizketa egingo du Mirari Martiarenak.
Arratsaldean, berriz, Txirri, Mirri eta Txiribiton hirukotearen Zenbat buru, hainbat liburu saioa izango da. Pailazoek iaz liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei Donostiako liburu dendetan erabiltzeko txartel-bonoa emango diete. Geroago, 19:00etan, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugartek Bertso saio literarioa eskainiko dute.
Irakurketei dagokienez, Egun handi baterako kontakizun laburrak saioan hainbat liburutegiko erabiltzailek hartuko du parte, Ana Merinok dinamizatuta. Euskal Itzultzaileen Elkartearen (EIZIE) eskutik, Gema Lopez Las Heras Landa aldeko neskak (Edna O’Brien) liburuari buruz solasean arituko da.
Pio Barojaren jaiotzaren urteurrena medio, ibilbide literarioa gidatuko du Amaia Garciak, Isidoro Fernandez aktoreak lagunduta. 10:30etik 12:30era izango da, gaztelaniaz, eta bertan parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz.
