LGTBIQ+ pertsonentzako "konbertsio-terapiak" egiten dituztenek kartzela-zigorra izatea onartu du Espainiako Kongresuak

Sei hilabetetik bi urtera arteko kartzela-zigorra ezarri ahalko dute epaileek.

Espainiako Kongresuak gehiengo osoz onartu du sexu-orientazioa, sexu-identitatea edo genero adierazpena ezabatu edo ukatzeko "konbertsio terapiak" egiten dituztenak zigortzeko Zigor Kodearen erreforma egitea. 

Pertsona bati, haren edo legezko ordezkariaren baimenarekin, higuinak edo gorrotoak bultzatutako edo konbertsiorako asmoz prestatutako jarduerak, metodoak, programak, teknikak edo prozedurak aplikatzen edo praktikatzen dizkionarentzat izango da zigorra. Arauaren arabera, sei hilabetetik bi urte arteko espetxe zigorra eta zortzi hilabetetik hogeita laura arteko isuna izan dezake. 

Orain artean debekatuta zeuden praktika horiek, eta 10.001 eta 150.000 euro arteko isunekin zigortu ohi ziren trans legearen arau-hauste administratibo oso larritzat jota. Baina ez zen Zigor Kodean delitu gisa agertzen. Orain hori aldatzea da asmoa, eta kongresuan lehen pausoa emanik, senatuan jarraituko du prozesuak. 

Proposamenak aldeko 178 boto, kontrako 32, eta 137 abstentzio izan zituen. EH Bildu, EAJ, Junts, Suma, Podemos eta Compromis alderdiek beste neurri batzuk hartzeko ere eskatu dute, hala nola etxebizitza eta diru-laguntzak eskaintzea biktimen salaketak errazteko.