“Let it bloom”

Atlantako gazte lizun hauen hirugarren lana da “Let it bloom”. Koadrila estatubatuarrak 60ko hamarkadako garage rock-aren eragin nabarmenak dituen rock and roll iluna jotzen du. Mick Collins, Dirtbombs-eko taldekidearen aburuz, mundu osoko garage rock talde interesgarriena da The Black Lips, “merezi duen garage rock talde bakarra”, alegia. Bete-betean asmatu du Collinsek. Disko honetako 16 kantuak, aipatu maila horren isla dira. Kobazulo batean grabaturiko 60ko hamarkadako doinuak eta tarte esperimentalagoak bikain uztartzen dituzte, batzuetan post-punk ukituak erakutsiz. Dena den, azken emaitzak folk kutsu hipnotikoa ere gordetzen du. Zikinkeriatik edertasuna ateratzeko gai dira lau “ezpain beltz” hauek. Adi, zuzenean itzelak dira eta.