Lepoan hartu eta segi Salome

1969an, Pantxoa eta Peiok “Lepoan hartu…” kantu ospetsua plazaratu zuten urte berean, Ramon Saizarbitoriak abortuaren gaia iradoki zuen “Egunero hasten delako” nobelan. Eta hori guztia nahikoa ez balitz bezala, Luis Iriondok euskaraz kantatzen jarri zuen Salome kantari espaniarra. 


Euskal kulturak   bultzada handia izan zuen 1969an. Mikel Laboa donostiarrak “Haika Mutil” diskoa kaleratu zuen, eta Pantxoa eta Peiok ere lehen lana argitaratu zuten; disko hartakoak dira, adibidez, “Lepoan hartu…” edo “Itziarren semea” kanta ospetsuak.

Baina nolako mundua zen 69ko hura? Hona hemen datu argigarri bat: Donostiako Kursaal zaharrean, “Romeo eta Julieta” eskaini zuten, baina ikuskizuna 18 urtetik gorakoek ikusi ahal izan zuten bakarrik. Zer eratako bertsioa izan ote zen 1969ko hura? Zenbakiaren azken bi digituen parekoa?

Kontuak kontu, urte hartan Lur argitaletxea jarri zuten abian, eta argitaletxearen bultzatzaileetako batek, Ramon Saizarbitoriak, “Egunero hasten delako” nobela argitaratu zuen. Nobela hura erabat berritzailea izan zen forma eta edukiaren aldetik: esaterako, euskal mundu elizkoian erabat debekatuta egondako zerbait iradoki zuen Saizarbitoriak: abortua.

1969an, binakako bertsolari txapelketa ere jokatu zen: Parisen izan zen finala. Batetik, Mattin eta Xalbador aritu ziren; bestetik, Lopategi eta Azpillaga. Azken hauek irabazi zuten.

Salome euskaraz!
Garai hartan oso ospetsua zen Eurovision lehiaketa. 1969ko edizioan, irabazle bat izan beharrean, lau izan ziren: Espainia, Frantzia, Herbehereak eta Ingalaterra. Frantziako ordezkaria, Frida Boca izan zen, eta Espainiakoa, Salome. Eurovision hura ikusita, ideia bat bururatu zitzaion Luis Iriondo Etxanizi, Los Contrapuntos taldeko sortzaileari: “gaur egun euskal abestiak daraman abiada gogorrarekin lo ezin gindezkela egon konturaturik; indar berritze baten bearrean arkitzen gara. Goi mallako abeslariak euskaraz abestea ondo etorriko dela uste dut” adierazi zuen Iriondok, Zeruko Argia aldizkarian. Azkoitiarrak Bartzelonara hots egin zuen, eta “Vivo Cantando” abestia kantatu zuen Salomerekin harremanetan jarri zen. Azkenean, “Kantari bizi naiz” euskaraz argitaratu zen. Iriondok ahaleginak egin zituen beste hiru irabazleen kantak ere euskaraz eskaintzeko. Hala ere, ez zuen guztiekin lortu.