Lendakaris Muertos: Ajuria Enean, hobe dute argi ibiltzea!

Ezin tentazioari iskin egin. GAZTEZULOtarrok bertatik bertara jakin nahi genuen nola ibiltzen diren Lendakaris Muertos taldekoak beraien kontzertuen aurretik eta ondoren. Txintxo portatzen ote diren, alegia.

Egia esan, minutu erdi eskas irauten duten beraien abestiak entzun eta gero, sumatzen genuen lau nafar hauek burutik samar zeudela, eta Vine, vi y me vendi euren disko berriaren izenburuak iradokitzen duen bezala, erraztasun handia dutela era guztietako alprojekin elkartu eta alberdanian ibiltzeko. Baina orain, euren argazkiak ikusi eta gero, zalantza apurrak uxatu zaizkigu: lendakari hauek deabruarekin ere elkartuko lirateke, aukera izanez gero!

Datozen asteetan, lendakariek kontzertu ugari eman behar dituzte disko berria aurkezteko (ikus gaztezulo.com-eko agenda). Ajuria Enean hobe dute kontuz ibiltzea!