Leioako Umore Azokan parte hartu nahi baduzu, zabalik da izena emateko epea

Leioako Udalak eta Kultur Leioak antolatuta, aurten Leioako Umore Azokaren XIV. edizioa egingo dute maiatzaren 16tik 19ra bitarte. Zu ere kaleko artista bazara, eta bertan izan nahi baduzu, urtarrilaren 30a arte duzu zabalik izena emateko epea.



Beste urte batez, kaleko konpainia eta artista profesional biltzen dituen Umore Azoka egingo dute udaberrian Leioan. Kalean aurkezten diren eta kalea bera baliabidetzat darabilten ikuskizunak ezagutaraztea du helburu, eta era berean, Leioako herritar, baita inguratzen diren guztiengana ere, gisa honetako arte adierazpenak hurbiltzea.

Horregatik, bertan parte hartzeko hautaketa prozesu bat igaro behar dute artistek. Lehen urratsa, urtarrilaren 30a baino lehen izena ematea da. Oinarriak irakurri eta horiek betetzen dituztela ziurtatu ostean, haien dokumentazioa (proiektuaren dossierra, fitxa teknikoa eta harremanetarako datuak) bidali behar dituzte honako helbide honetara, posta arrunta erabiliz:

Kultur Leioa
Jose Ramon Aketxe Plaza 11
48.940 Leioa (Bizkaia)


Espainiar estatuko beste azoketan parte hartu ez duten artista edo konpainiek lehentasuna izango dute, baita proiektu berri edo estreinatu gabeek ere. Oro har, gainera, ikuskizunen aniztasuna eta artisten originaltasuna baloratuko dira, aurtengo azoka inoiz baino bereziagoa izan dadin.

Iaz, 45 konpainiek hartu zuten parte eta 47 ikuskizun aurkeztu zituzten; horietatik 14 Euskal Herrikoak izan ziren, 18 Espainiar estatukoak eta aldiz 13 atzerritarra. Orotara 36.000 ikusle baino gehiago izan zituzten.