Lehen Antropologia Feminista Kongresua egingo dute Donostian
Mahai-inguruak eta ikerketen emaitzen aurkezpenak egingo dituzte datozen hiru egunetan.
EHUko AFIT antropologia feminista ikerketa-taldeak eta Ankulegi Elkarteak I. Antropologia Feminista Kongresua antolatu dute, Espainiako Estatuko zein beste unibertsitate batzuetako antropologoen laguntzarekin. Bihartik ostiralera bitarteko iraupena izango du eta Ezagutza eraldatuz. Deserosotasuna biziz izango du izenburua.
Antropologia feministak diziplinari egiten dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertzea dute helburu, eta antropologia feministaren eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikustea.
Kongresuak mahai-inguruak izango ditu honako lau ardatz hauen bueltan: genealogia, teoria, metodologia, eta feminismoarekiko eta gizartearekiko harremanak. Era berean, kongresuak hainbat panel tematiko izango ditu bidean dauden ikerketen emaitzak aurkeztu ahal izateko.
Mahai-inguruei dagokionez, honako gai hauek jorratuko dituzte: unibertsitatea, ezagutza eta prekarietatea; antropologia feminista eta generokoa; eztabaida eta erronka teorikoak; prozesu etnografikoak eta ekarpen metodologikoak; eta antropologia feminista, feminismoa eta gizartea. Zeinu hizkuntza interpretazioa egongo da mahai-inguruetan, eta euskarazko eta ingelesezko hitz-hartzeetan gaztelaniarako itzulpen-zerbitzua ere bai.
Hamasei panel ere egingo dituzte gai hauen inguruan: antropologiaren aplikagarritasuna; osasunaren antropologia; migrazioak, dekolonialitatea eta giza eskubideak; zaintzak eta feminismoak; gorputzak, genero disidentziak eta disidentzia sexualak; ahaidetasuna eta ugalketa; jaiak, ondareak eta tradizioak.
350 parte-hartzaile baino gehiago izango direla aurreikusten da, tartean baita nazioartekoak ere. Hizlari gonbidatuak, berriz, sei euskal herritarrak izango dira, eta hamar nazioartekoak, Katalunia, Herbereak, Brasil eta Mexikokokoak, besteak beste.
Bestelako jarduera batzuk ere antolatu dituzte kongresuaren bueltan. Bihar triki-bertso-poteoa egingo dute 19:00etatik aurrera, eta etzi, berriz, jaia izango da gaueko bederatzietan hasita.
