Lauaxetaren ahotsak
Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrenean, "Ehungarrenean hamaika" izeneko disko berezia kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak. Hamaika kantarik musikatu dute idazle handiaren poesia.
Gari, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldea), Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Diez (Doctor Deseo), Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell (DUT) eta Petti. Horra hor, Esteban Urkiaga "Lauaxeta" (1905-1937) idazlearen jaiotzaren mendeurrena dela eta, "Ehungarrenean hamaika" izeneko diskoan abesti bana grabatu duten musikariak.
Lauaxeta euskal literaturaren idazle giltzarrietako bat da, eta bereak dira "Bide barrijak" (1931) eta "Arrats bertan" (1935) olerki bildumak. Lauaxetaren poesia erabat berritzailea izan zen bere garaian, estilo sinbolistako olerkigintza baitzen, modernismoaren eragin handia zuena. Lauaxetaren izaera berritzaile hari eginiko opari gisa, disko honetarako musikari berritzaileak elkartu ditu Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak; arestiko zerrendan aipatutako kantari horiek guztiak, bakoitza bere erara, denak izan baitira berritzaile euskal musikan.
Banda bakarra, ahots asko
Rafa Rueda kantariak ekoitzi du diskoa, eta bere ustez, lan honen helburua ez da Lauaxeta omentzea, "Lauaxeta interpretatzea baizik. Lauaxeta geuregana ekarri dugu, geure estetikara, geure belaunaldiko jendearen gertuko egiteko asmoz". Rafa Ruedak eta haren bandak konposatu dute kantu guztien musika. Ondoren, abeslari bakoitzak Lauaxetaren testu bat aukeratu zuen, kantuei melodia eta ahotsa jartzeko.
Alde horretatik ere, prozezu berritzailea izan da: "Era honetako bildumetan, gerta daiteke abesti batetik bestera lotura eza sumatzea; hau da, gerta diteke beste disko bat entzuten ari garela iruditzea. Horregatik erabaki genuen abesti guztien musika jende berberak egitea. Batasuna ziurtatu nahi genuen". Oso esperimentu polita atera da, benetan.