Larunbatean izango da Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Ehun liburu eta disko berri baino gehiago izango dira bertan, eta 40 egilek hartuko dute parte.
Hogeita hamahiru liburu argitaletxe eta hiru diskoetxe izango dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko Azokan urteko nobedadeak erakutsiz azokara joaten direnei. 119 liburu eta disko berri izango dira plazan kokatutako erakusmahaietan.
40 egile ere bertaratuko dira euren lanak jendarteratu eta liburu edo diskoak sinatzera. Honako hauek izango dira, besteak beste: Yolanda Arrieta, Josebe Blanco, Kristina Berasain, Joseba Aurkenerena, Yolanda Donis, Arantzazu Martinez, Iñaki Petxarroman, Idoia Torregarai, Antton Arrieta, Eider Beobide, Maddi Sarasua, Mikel Etxaburu, Gotzon Barandiaran, Xabier Monasterio, Bea Salaberri, Uxue Alberdi eta Koldo Izagirre. Asisko Urmeneta, Ainara Azpiazu Axpi, Maite Caballero, Maitane Gartziandia, Maite Gurrutxaga, Loinaz Lekuona, Dani Fano, Sanvi, Susanna Martin, ZaldiEroa eta Mattin ilustratzaileak ere azokan izango dira.
Musikarie dagokienez, berriz, hauek parte hartuko dute: Pelax, Neu Troia, Mihise, Hegazkin, Julen Ribas, Alex Tello, Lumi, Bloñ eta Ekhi Lambert.
Egitarauaren barruan liburu aurkezpenak egingo dituzte: 11:30ean, Mattin Martiarenaren Irritaia komikia; 12:00etan, Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena saiakera; 16:00etan, Idoia Torregarai eta Zaldieroaren Mikroipuinak ipuin ilustratua; 17:00etan, Eider Behobidek itzulitako Mohammed El Kurd-en Rifqa; 17:30ean, Mikel Etxabururen Manttalingo alaba poema liburua; eta 18:00etan, Bea Salaberriren Mesfida zaitez nobela.
Horretaz gain, Daniel Landarti omenaldia egingo diote goizeko hamarrak aldera, irekierarekin batera. Haurrentzako ipuin kontaketa izango da 11:00etan, eta baita Pelaxen kontzertua ere. Bertso-marrazki dema, Zirriborroka, ere antolatu dute 12:30ean. Mattin eta Amane Apalategi, eta Maddi Ane Txoperena eta Maddi Sarasua arituko dira.
Arratsaldean, 15:00etan, Bloñ taldearen kontzertua izango da eta jarraian, Txiki umoregileak 40 urte eta maldan behera niek bakarrizketa eskainiko du. Haikuak idazteko tailerra egingo dute herriko etxean, eta beste bi kontzertu ere prestatu dituzte: bata, 16:30ean, Hegazkin taldearena, eta, bestea, 18:30ean, Lumi taldearena.
Azoka 10:00etatik 13:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, plazan jarritako karpan.