Larunbatean hasiko da Auñamendiko antzerki zikloa
Bost emanaldi izango dira guztira, irailera bitarte. Lauarin dantza taldearen 'Zubi' ikuskizuna izango da lehena.
Ekainaren 4an, larunbatean, hasiko da bigarren Auñamendiko Antzerki Zikloa, Nafarroako Pirinioetan. Bost emanaldi egingo dira orotara, irailaren 24ra bitarte.
Lauarin dantza taldeak sortutako ZuBi dantza, bideo eta musika ikuskizunaren hasiko dute egitaraua etzi. Hurrengo hitzordua ekainaren 11n izango da, bertsolaritzaren ikuspegitik, dualismoen eta kategorien inguruan diharduen eRRe ikuskizunarekin. Haizea Arana, Leire Vargas, Oihana Arana eta Aner Peritz dira ikuskizunaren sortzaileak.
Uztailean beste bi emanaldi izango dira. Hiru kortse azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko dute hilaren 16an, Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasek. Uztailaren 23an, berriz, Formol laborategiak Album ikuskizuna taularatuko du. Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren eta Ihintza Alkainek sortu dute antzezlana.
Azkenik, Dorleta Kortazarren 80 amandre istorio-sortak itxiko du zikloa irailaren 24an, Aribeko Aezkoako etxean.
Emanaldiak, azkena izan ezik, Auritzeko Kultur etxean izango dira, arratsaldeko zazpietan. Bost emankizunetarako bonuak atera dituzte, 25 euroren truke. Bonuak erreserbatu edota informazio gehiagoren berri izateko 667 974106 telefono zenbakira dei daiteke.
Ibilaldiak ere bai
Emanaldiak ez ezik, ibilaldi zikloa antolatu dute emankizunak izango diren goizetan, bertako tokiak eta usadioak ezagutzeko. Aribe ingurua, Auritz sorgindua, Sorogaingo parajeak, eta Iturissa bisitatuko dituzte, besteak beste.
