Larunbatean estreinatuko dute ‘Izan Pirata’ dokumentala
Donostiako jai herrikoien aldeko mugimenduaren azken hiru hamarkadetako ibilbidea azaltzen duen dokumentala osatu dute Donostiako Piratek, ‘Izan Pirata!’ izenekoa, eta larunbat honetan Antzoki Zaharrean egingo dute estreinaldi mundiala, arratsaldeko 18:00etan. Sarrera doakoa izango da.
Orain hilabete batzuk aditzera eman zuten Donostiako Piratek Izan Pirata! dokumentala amaitzear zutela, lan handiena eginda zegoela, baina urte luzeetako esfortzuari bukaera egokia eman eta ekoizpen txukuna aurkezteko, herritarren laguntza behar zutela. Horregatik, Verkami plataformaren bidez, crowdfounding proiektua abiatu zuten 3.000 euroko laguntza jasotzeko asmoz; pare bat hilabeteko epean, baina, aurreikuspenak gainditu eta 4.445 euro bildu zituzten banako, koadrila, elkarte eta abarren ekarpenari esker.
Honenbestez, lana aurrera ateratzeko behar zuten kopurua gaindituta, proiektua amaitzear dute Piratek, eta itxaronaldia gehiago ez luzatzeko, estreinaldi handia egingo dute larunbatean, apirilak 27. Arratsaldeko 18:00etan proiektatutako dute dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean.
500 eserleku daude, eta proiektua finantzatzen lagundu dutenek sarrerak izango dituzte erreserbatuta. Gainerako ikusleek ere doan sartzeko aukera izango dute, baina bizkor ibili beharko dira, lekurik ez galtzeko. Hala ere, jendea kanpoan geratzen bada, 20:00etan beste pase bat egingo dute.
Lanean
Baina esan bezala, estreinaldi handia asteburuan egingo badute ere, Piratek lanean dihardute oraindik. Dokumentalari 11 hizkuntzatako azpitituluak jarriko dizkiote, eta DVDak eskuratzeko ere gehixeago itxaron beharko da. Hori bai: edozertan lagun badezakezu, pozik hartuko zaituzte, gazte!
Hala, Donostiako Aste Nagusiaren izaera herrikoia azaleratu eta festa parte hartzaileen alde egindako lana erakusteko balioko du ikus-entzunekoak, gazteek abiatutako Donostiako Piraten mugimendu eragilearen lekuko.
Beraz, zatoz dokumentalaz gozatzera! Eredu txiki moduan hor goiko bideoa ikus dezakezu... eta badakizue, Izan Pirata!