Larunbatean, Emarock Gaua Bilboko Izarbeltz Ateneoan
Orain urte bete, maiatzaren 24an, estreinatu zuten Emarock dokumentala Tolosan, eta argazki erakusketa herriz herri jarri dute ikusgai azken hilabeteetan. Asteburuan, baina, urrats bat gehiago egin eta Emarock Gaua jaialdia antolatuko dute Bilboko Izarbeltz Ateneoan, eta nola ez, zu ere gonbidatuta zaude gazte!
Saioa Cabañas Gauilunak argazkilariaren ekimenez sortu zen Emarock elkartea 2012an. Emakumeek euskal musikagintzan eta eszenatokietan zuten presentzia islatu eta beronengan eragiteko asmoz abiatu zuen proiektua, merezi zuten protagonismoa eta espazioa emateko. Lehen unean dokumentala eta Emarock. Iragana, oraina eta geroa argazki erakusketa osatu zituzten, eta iragan maiatzean estreinatu. Geroztik, Euskal Herriko makina bat txokotan aurkeztu dute lana, eta irudiak ere ikusgai izan dira hainbat astez Donostia, Gernika, Ordizia, Gasteiz, Berriozar, Ondarroa eta Basaurin, besteak beste.
Pixkanaka, proiektua forma eta pisua hartzen joan da, eta Emarock kanta ere osatu zuten hainbat emakume musikariren laguntzarekin. Halaber, Bilboko Irola Irrati Librean irratsaio bat eskaintzen du elkarteak hamabostean behin, eta makina bat gonbidatu igaro dira dagoeneko estudiotik; elkarrizketez gain, askotan zuzenekoak ere eskaintzen dituzte!
Emarock Gaua
Hala ba, kurtsoari amaiera sinbolikoa emateko asmoz, Emarock Gaua izeneko festa handia prestatu dute larunbat honetarako, maiatzak 18. Bilboko Izarbeltz Ateneoan izango da, eta Irola Irratiaren eta MusikaZuzenean atari digitalaren laguntzari esker gauzatuko dute. Sarrerak lau euroren truke eskura daitezke, eta ateak 18:30ean irekiko dituzte.
Dokumentalaren proiekzioa egingo dute lehenik, eta ondoren, kontzertuak hasiko dira (dena den, ordena aldatu daitekeela iragarri dute antolatzaileek). Gaur Ez, Las Tuerkas, Humus, Endemaño eta DJ Lucy Ramone arduratuko dira festari erritmo bizia jartzeaz, eta edariak prezio onean eskuratu ahal izango dira.