Larunbatean Bertso Eguna egingo dute Donostian
44. urtez, bertsolari eta bertsozaleak Donostian bilduko dira larunbat honetan Bertso Egunaren harira. Kaleko bertso-saioak, Kursaaleko ekitaldia eta bertso-afaria Nineu jatetxean, horiexek egitarauko jarduera nagusiak, baina dagoeneko sarrera gehienak salduta daude. Aurtengo gaia, bizi dugun egoera zaila izango da.
1968an egin zuten lehen aldiz Bertso Eguna. Orduko hartan Donostiako San Sebastian egunari loturiko ekitaldia izan zen, KTE erakundeak antolatua, eta orduko txapelduna omendu zuten: Manuel Olaizola Uztapide.
Geroztik, urtero —1970ean eta 1980an izan ezik— antolatu dute jaia Donostian. Aurtengoan, bizi dugun krisi egoera izango dute hizpide, oinarri, eta baita ekitaldiko irudi ere. Horretarako tenkatuta eta hautsi beharrean dagoen soka baliatu dute, tentsio momentuaren isla. Baina egoera zailek aurrera egiteko indarrak ematen dituztenez, korapilo berriak asmatzeko gonbitea luzatu diete antolatzaileek ikus-entzule eta bertsolariei.
Goizetik, amaitu arte
Egitaraua eguerdiko 12:00etan hasiko dute, Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio plazan eskainiko dituzten bertso-saioekin. Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso ariko dira bertsotan, eta Haatik dantza konpainiak ere emanaldi txiki bat eskainiko du.
Arratsaldeko 18:00etan, Kursaaleko Areto Nagusian 1.800 lagun inguru bilduko dira —sarrera ia guztiak saldu dituzte— ekitaldi nagusian. Goi mailako bertsolariak, gaonbidatuak, dantza, antzerkia... Xalbador artzainaren mintzoa dokumentaleko irudiak, eta Bi Arreba emanaldia ere eskainiko dituzte; ikuskizun konpletoa izango da!
Eta azkenik, egunari amaiera emateko, Kursaal alboko Nineu jatetxean 580 lagunentzako bertso-afaria egingo dute —ez da sarrerarik geratzen—. Maddalen Arzallus eta Maialen Velarde bertsolarien Karma musika taldeak girotuko du gaua.
Sarrerak
Esan bezala, dagoeneko ez da afarirako sarrerarik geratzen, eta ekitaldirako 500 baino ez daude. Sarrera arruntak 18 euro balio ditu, bazkideenak 12 euro, eta hamasei urtez berakoentzako 8 eurotan eskura daiteke.
Sarrera erosteko, sartu hemen.