Larraitz Arrondo: "Guztiok ezberdin sexuatuak gaude"
Arrasateko Udalak sexologia zerbitzua zabaldu berri du. Egia esan, gisa horretako esperientzia gutxi egongo dira Euskal Herrian, ez baita ohikoa udaletxe bat herritarren sexualitateaz kezkatzea. Larraitz Arando 26 urteko sexologo eta psikologoa da zerbitzuaren arduraduna.
Zein jende klase hurbiltzen zaizue zerbitzura? Gazteak, helduak edo zaharrak dira nagusi?
Ez dago profil zehatzik. Era guztietako jendea gerturatzen zaigu, eta ez dago jakiterik hurrengoa zein izango den; hortzetako mina, yoga egiteko gogoa, edo hanka nork hautsi behar duen igartzea bezalakoa litzateke hori jakitea. Gaztetxo, gazte, heldu, edadetu, emakume eta gizon asko gerturatu zaizkigu.
Gazteen artean zeintzuk dira zalantza ohikoenak?
jakinmin eta kezkak ere ezin dira orokortu, denetarik baitago. Hala ere, gazte askok genitalen inguruko kezka azaltzen dute, eta hau ez da kasualitate hutsa. Gizartearen presioaren eraginez, gazte askok ez dute gorputza bere osotasunean kontuan hartzen; atal batzuek besteek baino presio gehiago jasaten baitute.
Mutilen artean zeintzuk dira ohiko kezkak?
Sarri, zakila izaten da mutil askoren burukomina; noiz tententu, noiz isuri gizonezkoek sexu harremanak izateko "beti prest" eta "gogotsu" egon behar dutela uste da, eta horren adierazle zakila omen da. Gainera, emakumezkoa asetu behar du mutilak. Jendearen artean hain zabaldurik dauden mezu hauek kalte handia egiten diete mutilei.
Eta nesken artean?
Nesken artean, desira, alua eta antisorgailuen inguruko kezkak nagusitzen dira. Euskal Herrian, harreman erotikoen eredu matxista bizi dugu. Ondorioz, sarri, emakumezkoen artean eredu horrekiko desira eza ageri da. Honek ez du esan nahi sexualitaterako gogorik izaten ez dutenik, inposatutako sexualitate eredu horren ordez, beste mota bateko sexualitate bat deskubritu nahi dute.
Egia al da, lehen harreman sexualak gero eta gazteagotan izaten direla?
Zer da harreman sexuala izatea? Gizarteak, sexualitatea automatikoki koitoa edo sarketarekin lotzen du, baina sexologiak dio sexualitatea jaiotzen garenetik hor dagoela; alegia, gizaki sexuatuak garela (denok baikara gizon edo emakume). Sexualitatea bizitza osoan gertatzen den prozesua da, eta fase ezberdinak ditu. Beraz, harreman sexualak umetatik izaten ditugu.
Oro har, gazteek loturarik gabe bizi dute beren sexualitatea, edo apurtu beharreko tabu asko al dago oraindik?
Sex hitza bazter guztietan dabil, eta hori dela eta, askotan uste dugu gaurko gazteok loturarik gabeko sexualitatea bizi dugula. Gaur egun, sexualitateari buruzko informazio gehiago dagoela ezin da ukatu, nahiz eta kantitatea eta kalitatea beti ez diren bat etortzen.
Harremanak bizi eta azaltzeko beste era batzuk dauden arren, sexualitatea zeharo baldintzatuta dago. Adibidez, bikote heteroetan, jolas erotikoetan urrats gehienak inposatu egiten dira, ez baita erraza haiengandik askatu eta norbanakoari gustatzen zaiona egitea. Gainera, estereotipo horietatik kanpo daudenak (ia inork ez du dena betetzen), gaixo edo arraroak dira gizartearentzat.
Han eta hemen, aspertzeraino entzuten da euskaldunok sexuaz asko hitz egin bai, baina gero gutxi egiten dugula. Egia al da?
Mito hau ospetsu bihurtzen ari da, baina hala ere, horixe besterik ez da: mitoa. Beraz, hori gordinik sinestea arriskutsua litzateke. Dena den, ez dut uste euskaldunon artean sexualitateaz horrenbeste berba egiten denik, ez behintzat sakonean: zer den norberak sentitzen duena, norberak gogoko duena edo ez Kanpoko diskurtsoa aldatu den arren eta orain sexualitatea gehiago gizarteratu den arren, oraindik errealitatea ez da hainbeste aldatu.
Telebistak eta komunikabideek zabaltzen dituzten ereduak, bat al datoz kaleko benetako errealitatearekin?
Komunikabide gehientsuenek eredu bakarraren apología egiten dute: gazteetan oinarritutako eredu heterosexuala, eta koitoa erabateko ardatz gisa duen sexualitatea, hain zuzen. Horren eraginez, gazte ugari eredu hori imitatzen saiatzen gara, baina kanon horietan ongi sartzea oso zaila denez, arazoak sortzen dira. Guztiok ezberdin sexuatuak gaude, eta ondorioz gorputz eta behar ezberdinak ditugu.