Lamiak taldeak 'Itzalak, argiak' diskoa kaleratu du
Gitarra distortsionatuak, baxua eta bateria ditu oinarri, eta sonoritate ezberdinak nahastu dituzte.
Donostiako Lamiak rock taldeak hamar abestiz osatutako lan berria plazaratu du: Itzalak, argiak. Taldearen "soinu propioa" duela azaldu dute, rock kutsukoa, eta, aldi berean, "heterogeneoa" dela, "sonoritate ezberdinen arteko nahasketa". "Gitarra distortsionatuak, baxu dinamikoa eta bateria aingura modura mantentzen ditu. Disko konplexuagoa da eta taldekideen arteko elkar-ulertze handiagoa erakusten du", adierazi dute.
Azken hilabeteetan lan berri honen hainbat kantu aurkeztu dituzte, aurrerapen modura, irudiekin jantzita: Eskerrak, Krokodiloaren malkoak, Bigarren mundu bat, Gure izena eta, azkena, Kaioletan Loreak.
Gaztain estudioetan grabatu dute bigarren lan hau eta taldekideek eurek ekoiztu dute, Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin. Ezpalak taldeko Juanjo Berasainen kolaborazioa izan dute Gure izena abestian, eta Josu Torrealdayk egin ditu azalak. Bideoetan, berriz, Jon Santamaria Izko, Angela Ramos, TAOM, eta Nestor Urbietarekin aritu dira elkarlanean.
Lander Aranburuk (ahotsa eta gitarra), Xabi Arrazolak (baxua), eta Xabier de la Fuentek (bateria) osatzen dute taldea.
HURRENGO KONTZERTUAK
Martxoaren 25ean, Marurin. Neguko Zikloa. (+ Wicked Wizzard)
Apirilaren 8an, Azpeitian. San Agustin kulturgunean. (+ Liher)
Apirilaren 9an, Agiñan. Eliza Zaharrean. (+ Rodeo)
Apirilaren 29an, Donostian. Dabadaban. (+ Los Moths)
Maiatzaren 7an, Tolosan. Bonberenean. (+ Chavalan)