Laitakaupungin valot (Luces al atardecer/Les lumieres du faubourg) ****
Koistinen zinpeko zaindari xaloaren bizipenak dakarzkigu Aki Kaurismaki
finlandiarrak malenkoniaz melatutako pelikula hits honetan. Mirja izeneko neska
eder batekin maiteminduko da Koistinen, eta zorionaren laztanak leunduko du
bere tristezia. Mirjak, ordea, mafiakide ustel batzuentzat egiten du lan eta
haren enpresan lapurreta egiteko erabiliko du mutila. Amarruaren biktima izan
den arren, lapurretaren errudun joko dute Koistinen. Ondorioz, lana, askatasuna
eta ametsak galduko ditu. Mundu krudel eta ilunenean ere aurki daiteke itxaropenaren
argi printza, baina. Bakardadearen saminaz dihardu Kaurismakik drama gordin honetan.
Bere maisulan handien kalitaterik ez duen arren, zinema mutuko film
gogoangarrienen samurtasuna du.