Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest? 'Orbel', Aguxtin Alkhat eta 'Hartz' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labe-barruan-egosteko-prozesuan-dauden-proiektuak-dastatzeko-prest-6/@@download/image/Labean_home.jpg
2019/06/26
'Orbel', Aguxtin Alkhat eta 'Hartz'
Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

'Orbel'

SUKALDARIAK: Lau taldekidek osatzen dute iparraldeko taldea formatu nahiko berezian: bi ahots, teklatu ugari eta bi gitarra.

EGOSTE DENBORA: Sei egun pasa zituzten estudioan Johannes Buff produktorearekin batera. Irailean plazaratuko dute Biarritzeko Atabalen aurkezpen festa ospatuz.

OSAGAIAK: Doom-pop bezala definitzen dute taldekideek euren estreinako diskoa. Doom metal estiloaren alde ilun eta geldoa du, baina aldi berean, pop musikaren eraginak ere nabarmenak dira. Erreferentziei dagokienez Chelsea Wolf, AmenRa edota Sigur Rós bezalako izenak aipatzen dituzte. Euskaraz estilo honetako musika gutxi egin denez iparraldekoek espero dute zerbait berria ekartzea publikoari.

ERREZETA: 2018an Beyond there deitutako EP bat aurkeztu zuten, ingelesez abestutako lau abesti ilun bezain kitzikagarri aurkeztuz. Lirismoa eta emozioaren artean bide dotorea ireki zuten aurkezpen lan harekin. Oraingo honetan, ingelesaz gain, euskararekin ere ausartu dira, abestiei are eta nortasun handiagoa emanez. Irailean lehen disko eta aurkezpenarekin batera kontzertu gehiago ere iragarriko dituzte, adi!

'HARTZ'

SUKALDARIAK: Bateria aldaketa egon da eta oraingo honetan Jorge Fernandezek (bateria), Beñat Rodriguezek (ahotsa eta gitarra) eta Jon Barkinek (baxua) osatzen dute taldea.

EGOSTE DENBORA: Maiatzean sartu ziren grabatzera Xabi Agirrerekin eta gutxi gora behera hilabete igaro zuten Abadetxen, helburua diskoa udan argitaratzea baita.

OSAGAIAK: Bateria berriak taldeari izaera berria eman dio. Bigarren disko honetan soinu gogorrago baterako bidea hartu dute eta abestietan rocka presenteago dago. Taldekideen iritziz Hartz taldea denaren esentzia gehiago antzematen da. Kantu bakoitza bat-bestearengandik oso ezberdina da, baina aldi berean, letra ilunez horniturik, badute batzen dituen nortasuna.

ERREZETA: Hirukoak sortu zenetik aldaketa ugari jasan baditu ere (maketako hirukotea, lehen diskokoa eta oraingoa ez dira berdinak) badirudi oraingoan taldea erabat egonkortu dela. Aurreko diskoan (Iraungitze datei, 2018) agur esan zioten etapa bati distortsioak eskain ditzakeen estilo ezberdinak jorratuz eta oraingoan, distortsioa presente badago ere, zoko are eta ilunagoak arakatuko dituzte.

AGUXTIN ALKHAT

SUKALDARIAK: Alkhaten alboan Xan Bidegain baxuan, Julien Labat gitarra elektrikoan eta Pierre Sangla baterian daude. Unamako Kamila Zubeldiak eta Kiki Gracietek aho-soinuan kolaboratuko dute.

EGOSTE DENBORA: Diskoa osatzeko behar duen denbora guztia hartu nahi du eta horregatik, hasiera batean udaberrian argitaratzekoa bazen ere azkenean irailean kaleratuko da.

OSAGAIAK: Berako Atala estudioan dabil grabatzen Iñigo Irazokiren laguntzarekin. Sarrera txiki bat eta hiru abesti elektriko grabatuak ditu. Horiez gain, diskoak izango dituen abesti akustikoak grabatzen dihardu. Anjel Lertxundiren zutabe batetik hartu du diskoaren izena: Hutsaren Hatsa, ongi islatzen baitu bere bizitza pertsonaleko garai ilunenetarikoa. Esan digunez, terapeutikoa izaten ari da disko honen sorkuntza prozesua.

ERREZETA: Baxenafarraren bigarren diskoa izango da Hutsaren Hatsa. Trantsizio baten moduan ulertu du diskoa, bere aurreko eta etorriko direnen arteko zerbait. Beharbada ez estilo aldetik baina bai, bizitza pertsonaleko garai ezberdinek baldintzatzen dituzten sorkuntzen aldetik. Hain pertsonala denez, autoekoizpena iruditu zaio biderik aproposena. Halere, abestiak despertsonalizatzea gustatzen zaio edozeinek bere bizitzan barneratu ditzakeen egoerak sortuz.