Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

‘EZ DA ERDITZEA’, ‘IDAZLEEN GORPUTZAK. EGILETASUNA EZBAIAN LITERATURAREN JOKO ZELAIAN’ eta ‘KONTRAKO EZTARRITIK. EMAKUME BERTSOLARIEN TESTIGANTZAK’


‘EZ DA ERDITZEA’

SUKALDARIAK: Ione Gorostarzu idazle gipuzkoarra, oraingo honetan ere poesia formatuan, proposamen berri batekin dator zazpi urteren ostean.

EGOSTE DENBORA: Poesia liburua martxoaren 15ean argitaratuko da eta zazpi urte hauetan amatasunaren inguruan hausnartutakoak bilduko ditu.

OSAGAIAK: Amatasuna gai-zentraltzat hartzen duen poema-bilduma da. Ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak... Erritmoz betetako 61 poema, edozeinentzat aberasgarriak eta enpatia pizten dutenak.

ERREZETA: Karmele Igartua bekaren bitartez argitaratu zuen Des egiten (Elkarlanean, 2012), bere lehenengo poema liburua. Bigarren honetan ere poesiaren bidea aukeratu du. Gorostarzu historian lizentziatua da eta lanbidez irakaslea. Lehen liburu hartan duda existentzialak zekartzan begirada fresko batekin. Oraingoan amatasunaz esan behar duenak ziur hausnartzeko asko emango duela.

‘iDAZLEEN GORPUTZAK.
EGILETASUNA EZBAIAN LITERATURAREN
JOKO ZELAIAN’

SUKALDARIAK: Aurreko urtean Bihotz Handiegia (Susa, 2017) lanagatik Euskadi Literatura Saria irabazi ondoren saiakera batekin dator oraingoan Eider Rodriguez idazlea.

EGOSTE DENBORA: Proiektua aspaldikoa da, urteak, literatura eta amatasunaren arteko harremana aztertzen hasi zenekoa. Udan ordea, liburuan agertuko diren bost elkarrizketak egin zituen. Hilabete honetan argitaratuko da.

OSAGAIAK: Euskal nobeletan amatasunaren zer nolako irudia transmititzen zen aztertzen hasi zenean etorri zitzaion saiakeren ideia. Ostean emakumezko bost idazlerekin elkarrizketak hasi zituen amatasuna azpi-gai hartuta eta horiexek bildu ditu liburuan. Izenburuak ere pistak ematen dizkigu: Idazle batek idazten duen testuari corpus-a deritzo eta idazlearen luzapena da. Elkarrizketetan gorputzetik abiatuta hitz egin dute literaturaz eta idazletzaz.

ERREZETA: Eider Rodriguezek publizitate eta zinea ikasi zituen baina bere jarduerak kazetaritzaren mundura bideratu ditu.
Literatura munduan oso estilo ezberdinak jorratu ditu eta sari ugari jaso: ipuingintza, komikia, haur literatura, atzerriko liburu baten itzulpena eta oraingo honetan bere bigarren saiakerarekin dator.

‘‘KONTRAKO EZTARRITIK.
EMAKUME BERTSOLARIEN TESTIGANTZAK’

SUKALDARIAK: Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarra Jenis Joplin (Susa, 2017) eleberri entzutetsuaren ondoren saiakera batekin dator.

EGOSTE DENBORA: Buruan zuen ideiari bederatzi hilabetetan eman dio forma, emakume bertsolarien testigantzekin osatu duena. Martxoaren 4an argitaratuko da.

OSAGAIAK: Saiakera honetan hamabost emakume bertsolariren testigantzak bildu ditu. Haien hitzetatik abiatuta, ahots publikoa duten emakumeen jarduna mugatzen duten 22 mekanismo errepikari izendatu eta azaldu ditu, emakumeen ahotsa azpiratzeko erabiltzen diren 22 patroi. Nahiz eta emakume bertsolarien errealitatea analizatu gainerako esparruetara ere estrapolatu daiteke.

ERREZETA: Uxue Alberdi 2003an hasi zen Bertso Paper lehiaketak irabazten eta 2005ean Igartza Saria bekari esker idatzi zuen bere lehen liburua: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007). Ordutik eleberriez gain haur eta gazte literaturako arloan ere baditu argitalpenak. Literatura irakaslea, iritzi artikulugilea, itzultzailea eta letragilea ere bada eta Bertso Eskola Feminista jarri du martxan.