Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

Xabi Bandini, Basoan eta Soinujolearen Semea!

 

XABI BANDINI

SUKALDARIAK: Xabi Bandini (Kerobia taldeko abeslaria). Geldialdi musikal baten ostean, gitarra esku artean hartu eta itzultzeko prest etorri da.

EGOSTE DENBORA: Madrilen hasi zuen grabaketa eta udazkenean irtengo da labetik.

OSAGAIAK: 29 metro koadroko bere etxeko txokoan grabatutako kantek, konposizio ederren esentzia eramango dute itsatsirik. Ahotsa eta mezua izango dira osagai nagusiak eta hortik tiraz, abesti eta melodia berriak moldatu ditu.

ERREZETA: Hamahiru urteko ibilbidearen ostean, 2014. urtean, Kerobiak agur esan zuen. Ondoren, Anticontinente etorri zen, Bandinik berak, Alberto Isabarekin batera sorturiko proietua. Orain GOR ekoiztetxearen eskutik, bakarkako bideari ekingo dio. Xabiren hitzetan, “Mahats biltzean bezala, udazkenean ardo on bat bihurtzea espero dugu, disko on bat, pertsonala eta eduki mamitsuarekin. Hori bai, denbora luzea upelean pasa gabe. Soila eta sentibera”.

 

BASOAN

 

SUKALDARIAK: Zuzendaria Aitzol Saratxaga gaztea izan da eta aktore lanetan, aldiz, Nitya Lopez Saitua eta Javier Chueca Corro ibili dira.

EGOSTE DENBORA: Beldurrezko film labur honen grabaketa, Baranbioko Garrastatxu basoan amaitu zuten maiatzean eta lanaren estreinaldia oraindik zehaztu gabe badago ere, jaialdietan mugitzen hasi berri dira.

OSAGAIAK: Zuzendariaren aurreko film laburrak, Ziren (2017), arrakasta handia izan zuen gurean (euskal film labur onenaren saria jaso zuen Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoan eta Euskarazko film laburrik onenaren saria Caostika jaialdian, besteak beste). Euskara hutsean grabaturiko Basoan filmean, aldiz, gizon bat basoaren erdian esnatzen denean hasten da. Beldur desberdinei buruzko kontakizuna izango da, gure barnean ditugun ikara horiei buruzkoa.

ERREZETA: Gertutik jarraitu beharreko zuzendaria dugu Saratxaga. Txikitatik egin nahi izan du zinema eta Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezkoetan graduatu ostean, konposatzaile musikal bezala dihardu lanean. Bitartean, zazpigarren artean geratzeko asmoz kementsu ari da lanean.

 

SOINUJOLEAREN SEMEA

SUKALDARIAK: Fernando Bernuesen zuzendaritzapean Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson eta Miren Arrieta aktoreek parte hartuko dute.

EGOSTE DENBORA: Maiatzean ekin zioten filmatze prozesuari eta Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat txokotan grabatu ostean, ekainean amaitu zuten grabaketa. Une honetan, muntaia lanetan ari dira.

OSAGAIAK: Atxagaren eleberrian bezala, David eta Joseba izango dira pelikularen ardatza: David AEBetara bizitzera joan ostean, orain hilzorian dago. Bere txikitako lagun minak Josebak, bisita egingo dio eta hori aitzakiatzat hartuz, bien iragana errepasatuko dute. ETAn izan zuten parte hartzea, tortura, frankismoa eta abar.

ERREZETA: Nostalgia, laguntasuna eta oroimena bezalako gaiak landuko dituzte filmean. Bernardo Atxaga idazleak sarritan aipatu duenez,  kontakizun honek ziklo bat itxi zuen, Obabako ametsezko mundua gainditu, atzean utzi eta ordura arte landutako gaiak biltzeko. Haustura horren froga moduan, Bernardo Atxaga ezizena kendu eta bere benetako izenaz –Jose Irazu– sinatuko zuela iragarri zuen egileak.