Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

IZAKI GARDENAK, ‘BLACK IS BELTZA’ ETA ‘GURE OROITZAPENAK’... LASTER KALEAN

IZAKI GARDENAK

SUKALDARIAK: Aurreko biraren bigarren zatian formazio aldaketa egin ondoren, kide horiekin ari dira kantu berriak prestatzen: Jon Basaguren (ahotsa eta gitarra), Libe García de Cortázar (teklatuak eta ahotsa), Dani Arrizabalaga (bateria), Danilo Foronda (gitarra) eta Fede Egiluz (baxua).

EGOSTE DENBORA: Grabaketa ekaina bukaeran izango da Sevillako La Mina estudioan. Bertan zazpi egun igaroko dituzte eta ondoren nahasketetarako beste hiruzpalau egun. Azaroaren erdialderako labetik ateratzeko asmoa dute.
OSAGAIAK:

– Kantuak mimo handiz ari dira lantzen, aurrekoa baino organikoago eta beroagoa izateko helburuz.
– Folk, rock eta pop doinuak uztartuz,  soinu propioa bilatzen jakin izan zuten hasieratik, baina oraingoan heldutasunera behin betiko iristeko intentzioz ari dira.

ERREZETA: Izaki Gardenak 2012. urtean Jon Basagurenen bakarkako abestiei forma emateko sorturiko taldea izan zen arren, denboraren poderioz euskal musikagintzaren itsaso zabalean bere tarte propioa topatzea lortu dute. Disko honekin, beraien behin
betiko finkapena dator.

 

‘BLACK IS BELTZA’

SUKALDARIAK: Fermin Muguruza sukaldari nagusia izango bada ere, errezeta osatzeko Harkaitz Cano eta Eduard Solaren letraz baliatu da Muguruza.

EGOSTE DENBORA: Hiru urte inguru iraun du prozesu osoak eta urrian irtengo da labetik.

OSAGAIAK:

Genero beltza, politikoa, musikala eta helduentzako animazioa uztartzen dituen proiektu honen erreferentzia nagusiak Ghost in the Shell, Heavy Metal, Vals con Bashir eta Akira bezalako animaziozko film ezagunak dira.
Pertsonaien ahotsei ere garrantzia berezia eman nahi izan diete: Unax Ugalde, Iseo, Sergi López, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Jorge Perugorría eta Emma Suarez bezalako izenak egongo dira besteak beste.

ERREZETA: Bilbon eta Bartzelonan izan zen Black Is Beltza erakusketa, ekainaren 15ean San Telmo Museoan inauguratuko da, baina kasu honetan filmerako edukiekin. Bertan irailaren 30era arte izango da ikusgai. Hilabete berean soinu banda kaleratuko dute eta bertan Raúl Fernández, Fermin Muguruza, Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Yacine, Ana Tijoux, Brenda Navarrete, Sonido Gallo Negro, Lengualerta, Ceci Bastida eta Iseok parte hartu dute.

 

‘GURE OROITZAPENAK’

SUKALDARIAK: Oskar Alegría, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martínez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua.

EGOSTE DENBORA: Orain hilabete batzuk, Kuban hasi zen dena. Gaur egun han du bizitokia Sarrionandiak, eta han sortu zen film luzea egiteko lehen ideia. Oraindik ere bukatzeko asko falta zaien arren, pozik daude ekoizleak orain arte jasotako materialarekin eta irailean estreinatzea espero dute.

OSAGAIAK:

Fikzioa izango da nagusi, baina izango dira dokumental itxurako pasarteak eta baita musikal formatuko eta animazio tarteak ere.
– Sarrionandiaren obra kulturaren hainbat diziplinetara eraman izan dute askotan: musika, antzerkia, dantza, saiakeran eta baita ikus-entzunezko batzuetan ere, baina era honetako fikziozko luze bat falta zen.