Kutxa Kultur Musika programak sei proposamen aukeratu ditu egonaldietarako

Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira hautautako talde eta bakarlariak.

Kutxa Kultur Musika erresidentzia programaren aurtengo deialdian 71 proposamen aurkeztu dituzte guztira, guztiak ere Gipuzkoako artistei dagozkienak. Lurralde-banaketa aurreko edizioetan baino ere nabarmenagoa izan dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta Bidasoalde, Debagoien, Debabarren, Urola Kosta, Tolosalde eta Donostialdeko proposamenak jaso dituzte. Aurkeztutako taldeen %70ak euskara erabiltzen du errepertorioan, baina emakumeen presentzia duten taldeen kopuruak behera egin duela adierazi dute eta %38koa izan dela.

Hautaketa prozesuan aritu diren epaimahaikideak honako hauek izan dira: Iker Barbara Zarata-Mondosonoroko arduraduna, Julen Idigoras musikari eta Gazteako irrati-esataria, Iñigo Argomaniz Get In-eko bazkidea eta zuzendaria, Mikel Amundarain Oso polita (Last Tour)-eko kidea, eta François Maton Atabaleko zuzendari artistikoa. Proposamenen kalitateak "pozik eta harrituta" utzi du epaimahaia. Era berean, aniztasuna ere nabarmendu dute, musika-generoena ez ezik, baita musikarien profilena ere. Hala ere, rock, pop-rock, power rock eta folkaren presentzia izan da nagusi. 

Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira hautatu dituzten talde eta bakarlariak. Aukeratutakoek Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan Kutxa Kulturrek duen egoitzan egingo dituzte egonaldiak. Musikariek entsegu lokalak izango dituzte, hainbat kontzertu antolatuko dira urtean zehar, eta aholkularitza profesionala eskainiko diete, ezagutarazteko eta trebatzeko. 

Aukeratutako sei proposamenak