Kutxa Kultur Hiria ekimena Donostian ekainaren 22an eta 23an
Kutxa Gizarte Ekintzaren ekimenez, eta Kutxa Kultur Jaialdirako motorrak berotzen hasteko asmoz, ekainaren 22an eta 23an Kutxa Kultur Hiri bilakatuko da Donostia. Hiriko kaleak gazte, sortzaile, saltzaile, artista eta abarren topaleku bilakatuko dira, "hiria eraldatzen ari den seinale".
Donostia erdiguneko kaleetan diseinu eta arte azoka independenteak, musika kontzertuak, birziklapen tailerrak, bigarren eskuko merkatuak… jarriko dituzte datorren asteburuan, hilaren 22 eta 23an. Helburua hiritarrak kalera ateratzea da, elkarren artean espazio publikoak berenganatu eta egokitzea, hiria bera eraldatzea eta bizikidetzarako gune apropos bilakatzea.
Eta horretarako, hain zuzen, jarri dute abian Kutxa Kultur Hiria egitasmoa, hiriari garai bateko bizitasuna itzuli eta duen garrantzia aitortzeko. Hain zuzen, irailean egingo duten Kutxa Kultur Jaialdiaren aurrekaria izango da, musika ez ezik, beste hainbat alor bilduko dituena.
Aisialdi kultural
Gipuzkoako plaza, Okendo plaza, Getaria kalea, Bilboko plaza, San Martzial kalea… elkargune eta ekintza gune bilakatuko dira bi egunez goizeko 11:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte iraungo duen egitarauari esker.
Besteren artean, Buffalo, Istrian, UK Bill, Jus, Lou Topet, Roulot, Cohen, Grande Days edota Napoka Iriak eskainiko dituzte zuzeneko emanaldiak, eta Maushaus eta La Casa del Vacio elkarteek hainbat tailer eskainiko dituzte. Arte eta diseinu sorkuntzak ikusgai jarriko dituzte Inesfera, Jan & Noah, Recycling by Benedetta Orsoli, Maialen Beñaran edota Ziortza Martinek, besteak beste, eta Azabala, Haizea Arranz edota Sonia Cepa diseinatzaileek beren lanak eramango dituzte.