Kulturgunea, lantegi artean
Antzerkia, akrobaziak, dantza
Hori guztia lantzen dute Adunako Asvinenea Arte Eszenikoen Laborategian.
Laborategi hitza aipatuta, botikak, medikuntza, ikerketa eta tankera horretako hitzak bururatzea da normalena. Badira, dena dela, beste era bateko laborategiak. Adunarako bidean dago Zubitxiki industrialdea, aldapan gora, eta bertan dago Asvinenea Arte Eszenikoen Laborategia. Lantegi artean, aroztegi eta porlana lantzen duten enpresei pega-pega eginda. Apur bat gehiago igo beharra dago Aduna herrira heltzeko. Lehenengoz joaten denak lanak izaten ditu Asvinenea aurkitzeko, baina hondarribitarrak, donostiarrak, tolosarrak, lasartearrak, edota goierritarrak erakarri ditu kulturguneak sorreratik hona. Gogoko lekuan, aldaparik ez.
2002an arte eszenikoen inguruan zebiltzan Tolosaldeko neska-mutil batzuk elkartu ziren eta 2003an industrialdeko eraikin bat moldatzeari ekin zioten, hasiera batean sagardotegi izan behar zuena. Urtebete geroago zabaldu zizkien ateak Asvineneak antzerkiari, txotxongiloei, akrobazia zaleei eta dantzariei, beste askoren artean. Nondik datorren izena? Ba, Asvin Indonesiako txotxongilo baten izena da. Elkartearen eta egoitzaren izena duten afixa, agiri eta gainerako euskarrietan, sudur gorridun eta bi begidun maskota ageri da: Pipirizorria.
Eraikinaren barrualdean sartuta, informazio gune modukoa dute, ordenagailu eta guzti. Ezkerrean, barratxoa atentzioa ematen dute lanparek, garbigailu zaharrekin eginak baitira eta eskuinean, tailerra. Hondoan, albo batean kontrol kabina dago argia, soinua eta abar kontrolpean izateko eta parez pare, eszenatokia. Kontrol kabina eta eszenatokiaren artean toki zabala dute, emanaldietan aulkiak ipintzeko. Eskailera batzuk igota, goiko solairuan, bulegotxoa eta aldagelak dituzte. "Edonora begiratzen duzula ere, edozein txokotan ageri da elkarteak duen sormenerako joera. Magiaz beteriko lekua da, ilusioz beterikoa", diote elkarteko kideek.
Esperimentazioa eta sorkuntza
Lau adar ditu arte eszenikoen guneak. Alde batetik, eskolak ematen dituzte. Hain zuzen ere, eskolak dira hilabeteotan ekintza nagusiak: Afrikako dantzak, antzerkia, akrobaziak, didgeridoo musika tresna... Hitzaldiak, irakurketa saioak eta bideo emanaldiak ere egiten dituzte, arte adierazpideak zabaltze aldera.
Bigarrenik, eszenatokia edukita, esperimentatzeko eta entseatzeko tokia ere bada Asvinenea.
Hirugarrenik, emanaldiak antolatzen dituzte. Hots, oholtzara igo eta, ikusleak aurrean daudela, aurrez sortu eta landutakoa erakusteko aukera dago. Azken urteotan Poltsiko Antzerki Jaialdia antolatu izan dute udaberrian, ostiralero, eta ekimen horrek oihartzun handia izan du eta ikusle asko eraman ditu Adunara.
Azkenik, Gira-bira lelopean, sustatzaile lana ere egiten dute. Hots, Asvinenean bertan edo inguruan sorturiko lanak ezagutzera ematen dituzte. Adibidez, Kateando lelopean antzerki emanaldiak bultzatu dituzte Andoaingo taberna batzuetan; eta Tolosaldean eta Goierrin, ahozkotasuna sustatzeko jarduerak. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Asvinenea, autogestioan oinarritua. Hori horrela, bazkide kuotak, eskolak eta emanaldi jakin batzuetan kobratzen dituzten sarrerak dituzte diru iturri.
Azaroaren 6an, larunbata, ateak zabalduko dituzte, nahi duen orok euren jarduna ezagutu dezan.