Kultura suspertzeko laguntzak, zozketa bidez
Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dira laguntza horiek, eta Eusko Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du zer ordenatan aztertuko diren.
Ekonomikoki kinka larrian gelditu dira kultur arloko langileak pandemiaren ondorioz, eta asko dira aurrera ateratzeko laguntza beharko dutenak. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak adierazi du zozketa bidez erabakiko duela lehenik nori eskaini diru laguntza horiek. Gaur hasi dute laguntzak eskatzeko epea, eta hilean 950 euro eta 1.200 euro artekoak izango dira, «alarma egoera amaitzen den edo kultur jarduerara itzultzeko baimena ematen den hilaren azken egunera arte».
Zozketa egitearen arrazoia azaldu du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak, eta haren hitzetan, ez diote lehentasuna eman nahi izan prozedura telematikoak «hobekien ezagutzen dituenari, edo bere zenbakiak txukunen kudeatzen dituenari>>.
Gaurtik hasita, beren jardunaren %60 baino gehiago kulturan oinarrituta dauden langileek 10 egun izango dituzte laguntza eskatzeko. Ondoren, zozketa egingo dute notario baten presentzian.