Kultura eskuragarriago Topo Pass kartarekin
KALEa elkarteak Topo Pass kartak jarri ditu salgai. Euskal kultur komunitatearekin bat egin eta abantaila ugari lor daitezke hauen bidez.
Duela hilabete batzuk KALE ( Kultura Ainiztasunaren aldeko Lurralde Elkartea ) elkarteak www.topopass.com webgunea sareatu zuen Iparraldetik Euskal Herriko lurraldearen egituraketa artistiko eta kulturalean parte hartzeko asmoz. Lurralde osoan aurki daitekeen kultur aniztasuna defenditzea da euren xedea. Artista eta kultura guneen aurkibide bat, agenda parte hartzaile bat edo kulturari buruzko prentsa aurki ditzakegu webgunean. Bertan izena eman duten artistak Iparraldekoak dira gehienak, baina pixkanaka ari da Hegoaldekorik ere animatzen, eta denborarekin Euskal Herri osoko aurkibide bat izatea espero dute antolatzaileek.
Kultur demokratizatu nahian beste pausu bat eman du orain elkarteak. Topo Pass karta zabaldu du kontzertu, denda, festibal, festa, museo, erakusketa, jatetxe, saltoki edo zinema hainbatetan prezio apalagoetan sartzeko aukera ematen duena. Proposamen eta ibilbide bereziak egiteko modua ere eskainiko du.
Topo Pass kartak 5 euro balio ditu eta honako tokietan eskuratu daiteke: Baiona (Elkar), Biarritz (Eki liburudenda), Kanbo (Accord elkartea, mediateka), Ezpeleta (Bertso Berriak liburudenda), Hazparne (Xuriatea), Hendaia (Zugana Kanttu ostatua), Donibane-Lohizune (Le Select zinegela).
Behin eskuratu ondoren aski da pegatina duten partaide-tokietan aurkeztea, abantaila guzti hauetaz gozatzeko. Hona kartarekin bat egin duten guneetariko batzuk: Baionako Eszena nazionala, EHZ festibala, Atalante zinegela, Atabal kontzertu aretoa, Baxe Nafarroako herri antzokia, Elkar liburu denda, Luna Negra, Itsasoa kafe kulturala, Le Select zinegela, Mon Cin, Betbeder Musique, eta Herri Urrats.