Kultur programako jarduerak izango dira asteburuan Nafarroan

Dantza eta musika emanaldiak izango dira gaur eta bihar.

Nafarroako Kultur programazioak aurrera jarraitzen du, eta asteburu honetan ere bada zertaz gozatu. Atzo Ibil Bediren kontzertua izan zen Erronkarin, eta Beltxarga Beltza diskoko kantuak eskaini zituzten.

Gaur, berriz, Tuterako dantza ikuskizuna izango da Lekunberriko plazan, 20:00etan. Makila dantza eta antzezpena uztartuko dituzte emanaldian hainbat pertsonaiaren bidez. 

Larunbatean, Pamplona Jazz Quartet taldearen kontzertua izango da Fiteron, 21:00etatik aurrera. Jazz munduan ospe handia izandako Pedro Iturralde omenduko dute. Haren konposizio batzuk entzungo dituzte bertaratzen direnek eta baita saxo-jotzailea ezagun egin zuten jazz kantu batzuk ere. 

Egun horretan bertan, Fiteroko bainuetxean bisita gidatuak izango dira, eta kanpoko igerilekuan bainatu, eta zirkuitua egiteko aukera izango da. Gehienez hamar pertsonako taldeek har dezakete parte. 

Bestalde, Mikel Belascoainen Lilura erakusketa ere bisita daiteke Bertizgo parke naturaleko lorategian, abuztuaren 31ra arte. Bertako hamabost gunetan pintura, eskultura, musika, argazkigintza, eta zinea naturarekin bat eginez ikus daiteke. Kolorea, poesia bisuala eta magia da erakusketaren hari nagusia.