Kukuxumusuko langileek jende aurrean egingo dute lan bi hilabetez
'Kukuxumusu relocated' du izena Mikel Urmenetaren arte proiektu berriak. Bertan enpresako 22 langile jende aurrean lanean ikusi ahal izango dira, Iruñeako Moises Perez de Albenik arte galerian. Martxoaren 23an ostirala jarriko dute martxan lantegi berria, eta maiatzaren 23ra bitarte, bi hilabetez, izango da ikusgai.
Kukuxumusu enpresaren jarduera eta material tekniko zein giza materiala arte galeria batera eramatea izan da proiektuaren oinarria, eta bertara lekualdaturik, ikusleei taldearen funtzionamendua erakustea. Mikel Urmenetan Kukuxumusu taldearen sortzailea eta markaren diseinuaren kudeatzailea da, eta bera da enpresako arte-zuzendaria ere.
Diseinu, Komunikazioa, Marketing, Lege eta Lizentzia departamentuak Larrabide kaleko 21. Zenbakiko galerian kokatuko dituzte bi hilabetez, baita Zuzendaritza Nagusia ere. 22 langileak ingurumen eta ikusgaitasun baldintza berrietara ohitu beharko dira, ikusleen bistara aritu beharko direlako, eta gainera, zuzenean eta streaming-ez lanaldia transmitituko duten kamera eta mikrofonoz inguraturik ere egongo direlako.
Urmeneta anaiak
Asisko eta Mikel Urmeneta anaiak dira Kukuxumusu marrazki fabrikako sortzaile eta kolaboratzaile nagusiak. Biek irudigintza atsegin dute, eta 1989an sartu ziren proiektu honetan. Orain, bata Euskal Herrian bizi da, eta bestea New Yorken. GAZTEZULO haiekin izan zen iaz. Hemen elkarrizketa osoa.