Krudeltasuna ikuskizun

Artikulu hau irakurtzen duzun bitartean, milioika errugabe hilko dira, euren bizitzan gabezia eta sufrimendua soilik ezagutu ostean. Animalien ustiapenaren ondorio lazgarriez ari naiz, administrazioak babesturikoa gehienetan.



Nondik datorkigu jarrera suntsitzaile hau? Diskriminazio era hedatuenetik, hau da, antropozentrismoan oinarrituriko espezismotik. Pertsonen kontra balira gaitzetsiko genituzkeen eraso berberak justifikatu eta defendatu egiten ditugu beste animalien kontra egiten direnean; animalien artean ere desberdintasunak egiten ditugu gainera: txerria jaten dugu, baina txakurra gure 'lagunik onena' kontsideratzen dugu.

Udaran, gizakiak ez diren bestelako animalien egoera bidegabe hau larritu egiten da. Ikuskizun publikoetan erabiltzen ditugu; dudarik gabe, giza portaera kezkagarrienetarikoaren aurrean gaude.

Zirkuko animalien kasuan, adibidez, biziarteko bahiketak dakarren traumatismo emozionalaz gain, beraientzat inongo esanahi naturalik ez duten jokaeren derrigorrezkotasuna salatu beharrean gaude. Bizitza osoa hanka bat kateaturik pasatzen duen elefanteak apenas metro karratu bat duen aulkitxo baten gainean bueltak eman ditzan lortzeko, kolpeak, deskarga elektrikoak eta janariaren ukazioa dira erabiltzen diren metodoak.

Zezenketei dagokionez, ezagutzen duten mundu bakarretik kamioietan ateratzen dituztenean hasten da tortura zezenentzat. Bidean ematen dituzten ordu horietan kilo batzuk galtzen dituzte; inoiz kolapsoz hil ere egiten dira. Gizakiaren eta piztiaren arteko ustezko borroka ekitatiboa antzerki patetiko hutsean geratzen da. Hurrengo hogei minutuetan era guztietako tramankulu zorrotz metalikoekin zezena zartatuko dute. Berez kementsua eta indartsua den animalia hondakin odoltsu bilakaturik erailko du toreatzaileak.

Zoritxarrez, asko eta asko dira oraindik gure jaietan kaltetzen ditugun animaliak, legeak debekaturiko ekitaldiak badira ere: idi-probak, ahari-talka, oilar-jokoa, sokamuturrak, bigantxak, ahate eta antzarrekin uretan egiten diren jolasak, asto lasterketak...

Aurrerakoia izan nahi duen gizarte batek ezin ditu horrelako ikuskizun sufriarazleak onartu, eta errespetuan oinarrituriko proposamen solidarioagoak egin behar ditu aisialdirako. Gizarte etiko bat sufritzeko gaitasuna duten izaki guztiei ez sufritzeko eskubidea bermatzean datza.