[Kronika] Pomme (Atabal, Biarritz 2020/10/19)

[Kronika] Pomme (Atabal, Biarritz 2020/10/19) Kontzertu baten kronika idaztera noa eta urduri nago. Otsailean egon nintzen azkenekoz kontzertu batean eta ordutik antolatu badira ere arrazoi batengatik edo besteagatik ezin izan dut joan. Atzo izan zen pandemia garaiko nire lehena, eta derrigorrez musukoarekin egon beharrak edota norbere aulkitik mugitu ezinak ezin izan zuten zuzeneko musikak duen magia desitxuratu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-pomme-atabal-biarritz-2020-10-19/@@download/image/Captura de pantalla 2020-10-19 a las 9.30.28.png
2020/10/19

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Kontzertu baten kronika idaztera noa eta urduri nago. Otsailean egon nintzen azkenekoz kontzertu batean eta ordutik antolatu badira ere arrazoi batengatik edo besteagatik ezin izan dut joan. Atzo izan zen pandemia garaiko nire lehena, eta derrigorrez musukoarekin egon beharrak edota norbere aulkitik mugitu ezinak ezin izan zuten zuzeneko musikak duen magia desitxuratu.
[Kronika] Pomme (Atabal, Biarritz 2020/10/19)

Biarritzeko Atabal aretoa aulkiz beteta zegoen eta apurka guztiak betetzen joan ziren. 21:00etarako jada guztiak oholtzara begira geunden Pomme noiz azalduko zain. Puntuan agertu zen boneta buruan eta Sen to Chihiro no kamikakushi edo Chihiroren bidaia pelikulako pertsonaien marrazkiak zituen galtza original batzuk jantzita. 

Berehala Anxiété abestiari ekin zion,baina zuzenekora moldatuta erabat, beste abesti bat zirudien! Bere ahotsa autotunearekin distortsionatuz, abestia diskoan baino ilunago aurkeztu zuen. Asko eskertu nuen hori, beti ulertu izan baititut diskoa eta zuzenekoa musikaren bi aurpegi ezberdin bezala. Beraz, gustatzen zait diskoko abestien beste ikuspuntu bat eskaintzea artistek oholtza gainean. 

Les Failles Lyoneko gaztearen bigarren diskoa izanik eta 2019an argitaratua denez, bertako abestiak izan ziren protagonista, nahiz eta bere aurreko diskoko zenbait ere abestu zituen oso harrera onarekin ikusleen artean. Honela, beste abesti zahar zein berriak txandakatzen joan zen, batzuk modu biluziagoan abestuz eta besteak bi musikariren laguntzarekin. 

Oholtza gainean zeuden hiru emakumeak eroso atzematen ziren, gustura, gozatzen… eta berdin nabaritzen zen publikoa, beharbada pandemia honek erakutsi digulako guztia segundo bakarran aldatu daitekeela eta hobe dela bada ezpada orainaz gozatzea. 

Kontzertuaren erdialdera atzean zituen bi musikariak alde egin zuten, Pomme-k autoarpa hartu zuen eta abestia frantsesez baldin bazen ere erritmo oso ezagun bat jotzen hasi zen: Billie Eilish-en Bad Guy… publikoa berehala ohartu zen horretaz eta momentu horretatik aurrera autoarpaz gain hauen txaloak entzun ahal izan ziren abestiaren erritmoan. Ondoren, nire frantsea urria bada ere, esango nuke Chihiro hitza aipatu zuela, bere galtzei aipamena eginez eta pelikulako horretako abesti batekin ausartu zen, oraingo honetan jatorrizko japonieraz abestua gainera!

Anekdota atsegin honen ondoren itzuli ziren beste bi musikariak Une Minute edo La lumiére bezalakoak interpretatzeko. Ezagutzen ez nuen beste abesti batean publikoaren laguntza eskatu zuen kanturako eta parte hartzeko gogotsu berehala batu ziren guztiak. 

Guztiok irribare batekin utziz agurtu zen oholtzatik alde eginez. Lyon-ekoak agertokia utzi eta berehala txaloak, txistuak eta oihuak entzun ziren, jendea gehiagorako gosez zegoen eta zirudienez baita Pomme bera ere, berehala azaldu baitzen casiotone-a eskuan. Eseri eta Grandiose abesti sentikor eta ederrari ekin zion. Istante hau izan zen kontzertuko une gorena, artista bera bakarrik, abestia modu ezin biluziagoan abesten publikoak xuxurla sotil baten bidez atzetik kantuan laguntzen zion bitartean. Zinez ederra. Momentu horretan aspaldi sentitzen ez nuen emozio mota zehatz horren olatua sentitu nuen, zuzenekoetan bakarrik sentitzen den barne korapilo atsegin hori eta ohartu nintzen zenbat botatzen nituen faltan kontzertuak! 

Oro har, apaindurarik gabeko kontzertua izan zen, diskoan horrenbeste entzundako abestien beste ikuspuntu bat eskainiz zuzeneko magiaren bidez. Beharbada beste egoera batzuetan ez zen urteko kontzertua izango, baina niretzat zinez izan zen berezia, aspaldiko partez zuzeneko musikaz gozatu ahal izan bainuen izugarri interesgarria den eta oraindik asko eskaintzeko duen artista gazte baten bitartez. Kontzertua amaitzean guztiak ezinbestean gure aulkietatik altxa ginen hiru musikariak agurtzeko, esker onez.

Ez dakit datorren kontzertua zein izango den, edo denbora luze batean egongo ote diren ere, egun batetik bestera erabat aldatzen den egoera honetan; baina argi geratu zitzaidana, lehen dudarik ez banuen ere, hauxe da: Kultura segurua da!